Euskaltzaindiak 2023ko irailaren 29an izendatu zuen euskaltzain oso Asun Garikano hizkuntzalaria. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Larunbatean izango da ekitaldia, 12:00etan, Gasteizko Goiuri Jauregian. Musikaz giroturiko atariko saio baten ondotik, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate andreak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian, Asun Garikanok sarrera-hitzaldia irakurriko du, Mendi-zelaiak estali baino lehen izenburu duena. Hitzaldiaren muina Euskaltzaindiak aste honetan abian jarriko duen Noeren ontzia egitasmoa izango da, hain zuzen, “euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen” proiektuaz jardungo du. Euskaltzaindiak, gazteen artean den euskal kultura-ondarearen ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta, eta ildo beretik joanda, euskal kultura lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea zegoela ikusirik, Noeren ontzia proiektua mamitu eta asteon plazaratuko du. Esan bezala, euskal kulturaren itsasoan zehar ibiltzeko tresna digitala da, bihartik aitzina denon eskura izanen dena Euskaltzaindiaren webgunean.
Andres Alberdi euskaltzain osoak Noeren ontziaren uberaren arrastoan titulupeko hitzaldiarekin erantzuna emango dio Asun Garikanoren sarrera-hitzaldiari. Garikanoren datuak eta merezimenduak izango ditu hizpide hitzaldiaren lehen partean. Bigarrenean, Garikanok gidatzen duen Euskaltzaindiaren Noeren ontzia izeneko proiektuak eragin dizkion gogoeta batzuk harilkatuko ditu. Ilusioz hartu du proiektua, baina ezin ahaztu liteke eskolak erronka handia duela; “are gehiago azken amets eta helmuga, ikasle euskaldun osoak eta euskaltzaleak ateratzea bada”.
Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egingo du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.
Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962). Euskal Filologian lizentziaduna. Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea ere bada: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak laster abian jarriko duen Noeren ontzia proiektua gidatzen du. Batez ere hezkuntza-komunitateari zuzendutako egitasmo horrek, euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuez jantziko du hezkuntza-curriculuma, gaurko eta lehenagoko testuez, lau esparrutan banatuta eurok: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea ataletan.