Komunikabideek ez ezik administrazioek ere maiz erabiltzen dituzte kostaldeko izenak, baina, tamalez, guztiek ez dituzte molde berean ematen. Mapak, turismo‑gidak, megafonia bidezko mezuak eta abar askotariko erabilera horren isla dira; bakoitzak bere irizpideen arabera erabiltzen ditu kostaldeko izenak. Horregatik, ezinbestekoa da toki‑izenen era zuzen eta bateratuak ezagutzea denok era berean erabil ditzagun.
Arauan, lehenik, kostaldeko izenen berezitasun batzuk aipatzen dira, eta izenak arautzeko erabilitako irizpide nagusiak zehazten. Ondoren, izenak ematen dira, lau zutabetan antolatuta. Leku-izena emateaz gainera, zer leku-izen mota den eta zer udalerritan dagoen zehazten da. Azken zutabean, leku-izena zein mapatan dagoen adierazten da. Izan ere, izen-zerrendez gainera, Euskal Herriko kostaldea irudikatzen duten hamaika mapa ezarri dira, zerrendetan ageri diren leku-izen guztiak zein bere kokalekuan adierazten dituztenak, erabiltzaileak jakin dezan zer lekuri dagokion leku-izen bakoitza.