Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu dute gaur goizean. Lehendakariak Akademiaren egoitzara egiten duen bigarren bisita izan da gaurkoa. Lehendabizikoa 2013ko azaroaren 20an egin zuen, bere estreinako legegintzaldian. Orduko hartan, Euskaltzaindiaren egoitza ezagutu eta Urrezko Liburuan sinatu zuen.
Lehenik, Akademiaren Zuzendaritzarekin batzartu da liburutegian. Bertan, Euskaltzaindiaren lan-ildo eta helburu nagusiak laburrean azaldu dizkiote Zuzendaritzako kideek. Azalpenaren ostean, hainbat liburu eta agiri erakutsi dizkio Andres Urrutia euskaltzainburuak Lehendakariari: Joanes Leizarragaren Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria (1571), Axularren Gero (bigarren edizioa, 1700?), Anton Abadiak Lore Jokoetan bildutako euskal kantak eta Koldo Mitxelenak 1968an Arantzazuko bilkurari buruzko akta (eskuz idatzitakoa).
Ondoren, Lehendakariak eta euskaltzainburuak agerraldia egin dute hedabideen aurrean. Iñigo Urkulluk zein Andres Urrutiak, bi-biek, azpimarratu dute erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela euskalgintzari hauspoa eta sendotasuna emateko. Lehendakariak aitortza ere egin dio Akademiari, modu honetan: “Lehendakari naizen aldetik, eta Eusko Jaurlaritzaren izenean, urte hauetan guztietan egin duzuen lana, lankidetzarako erakutsi duzuen prestutasuna eta gure herriari egin diozuen ekarpena eskertzen dizuet. Ekin diozue eta emaitzak bistan dira. Jarrai ezazue, euskarak merezi du eta”. Hain zuzen, etorkizunari begira jarri da Andres Urrutia bere berbaldian: “Euskal gizarteari zerbitzu emateko dugun bokazioari eutsiz jarraituko dugu, eta gure gaur egungo helburuetan sakonduko dugu etorkizunean ere, hain zuzen, digitalizazioan, nazioartekotzean, profesionalizazioan eta Akademiaren lanaren sozializazioan”.
Azkenik, Andres Urrutiak Euskaltzaindiaren domina eman dio Urkulluri eta Gero liburuaren faksimilea oparitu dio. Dominak hauxe dio: Iñigo Urkullu Lehendakariari Akademiaren alde egindakoengatik esker-erakutsiz.