Gazteek ezin dituzte eguneroko funtzio premiazkoenak beti euskaraz egin, eta beraz, askotan jotzen dute gaztelaniara: haserretzeko, pozteko, harritzeko; nor izateko, alegia. Hizkuntzen irakaskuntzan, oro har, idatzizko komunikazioa lantzen da gehien, eta ez zaio konponbiderik jartzen ahoz jarduteko zailtasun orokortuari. Bada, Iñigo Otaegik eta Jon Basaurik, euren master-amaierako lanean, sekuentzia didaktiko bat ondu zuten arazo horri aurre egiteko. Euskaltzaindiak Mintzola egitasmoaren bitartez saritutako lan hura aplikatu dute ikasturte honetako azken hiruhilekoan Ibarrako Uzturpe Ikastolan eta Anoetako ikastolan. Honela, ikasleek ahozkotasuna eta gorputz-adierazpena lantzeko aukera izan dute kaleko hiztun bizien hizketaldiak imitatuz.
Uzturpe ikastolan, DBH3ko eta DBH4ko ikasgeletan jorratu dute. Hamabi saioko esku-hartzearen ondoren, irakasleek diote bete direla proposamenaren helburuak, “bai ahozkotasunaren ikuspegitik, bai gorputz-adierazpenaren aldetik”. Ikasleek iragarki bat sortu behar izan dute, eta esperientzia baliagarria izan da lotsa gainditzen laguntzeko eta harremanak estutzeko. Anoetako ikastolan DBH3ko bi ikasgeletan landu dute unitate didaktikoa, eta guztira 50 ikaslek hartu dute parte. Irakasleek aitortu dute, gorabeherak gorabehera, bete dela ekintza komunikatiboa.
Oro har, balorazio positiboa
Iñigo Otaegi, unitate didaktikoaren sortzailea, pozik agertu da esku-hartzeek utzitako emaitzarekin: “Lehen aldiz landu da adierazkortasuna imitazio-jolasen bidez, eta, oro har, balorazio positiboa izan du. Irakasleek aipatu dute helburu behinenak bete direla: batetik, ahoskeraren, gorputz-adierazpenaren eta hizkuntzaren indarraren kontzientzia hartzea; bestetik, hiztun adierazkorrak imitatuz hizketan egoki samar aritzea, jatorrizko jardunera ahalik eta gehien gerturatuz. Ikasle batzuei ezagunak egin zaizkie euskalki- eta hitano-kontuak, eta ondo moldatu omen dira imitazio-lanetan; beste batzuek, aldiz, nahiko lan izaten dute lotsak gainditzen, eta kosta egin zaie jendaurrean jartzea bera”. Otaegik aipatu nahi izan du poza ematen dion beste kontu bat ere: “Arlo formalean kosta egiten zaien ikasle asko ederki aritu dira imitatzen. Ohartu dira, hortaz, euskara gutun formal batean idazten dena baino askoz gehiago dela, eta euskaldun ona izateak ez duela horrek bakarrik determinatzen. Beraz, euskara funtzional eta espresiboan ondo moldatzeak motibatuko zuen bat baino gehiago”.
Tartean izan dira, ordea, lehenengo aldiak berarekin dakartzan zailtasunak. Otaegik aitortu du: “Esaterako, irakasleek azaldu dute ikaslearen eta irakaslearen liburuak behar direla, alde teorikoak gehiago zehaztu behar direla, eta sekuentzia dekretuarekin lotu behar dela”; eta gaineratu du: “Bestalde, aipatu dute imitazio-lanek antzerki-kutsua hartzen dutela, eta zenbait kasutan ez dutela jakin oharrak zer-nola eman. Horrek agerian uzten du master bukaerako lanak ondorioztatutakoa: irakasleok ez gaude formatuta ahoskera eta gorputz-adierazpena -eta, oro har, adierazkortasuna- irakasteko. Horregatik dira imitazio-jolasak sekuentziaren erdigune. Ikasleekin aplikatu baino lehen, irakasleekin aplikatu beharko lirateke”.
Zailtasunak zailtasun, Otaegik azpimarratu du esperientzia baliagarria izan dela: “Irakasleren batek aipatu du honek jarraipena izan beharko lukeela, eta Euskal Herrira zabaltzeko modukoa izan litekeela. Ibarrako eta Anoetako ikasle askok ondo pasa dute, euskaraz adierazkor izateko zirrikituak ezagutu dituzte; ederra litzateke hori bera euskal herrietan zehar urteroko kontu bilakatuko balitz, eta adierazkor aritzeko erremintak jasoko –eta erabiliko– balituzte”.
Hizkera ez formalak duen bizitasuna lantzeko beste urrats bat
Xabier Lasa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoaren arduraduna ere pozik agertu da ekintzak jasotako emaitzarekin, eta argitu du zergatik hautatu ziren bi ikastola horiek esperientzia berriari ekiteko: “Iñigo Otaegik, master-amaierako lanean, Tolosaldeko hizkera oinarri hartu zuelako hautatu genituen, eta, hortaz, testuinguru horretan era naturalean aplikatzeko modua izango genukeelako”.
Esan bezala, DBH3ko eta DBH4ko ikasleekin batera landu da unitate didaktikoa, Euskara eta Literatura arloan, eta Lasak aitortu du, Otaegik bere lanean finkatutako helburuak lortu direla: “Hizkera ez formalak duen bizitasuna lantzeko bidean beste urrats bat egin dugu, aurrera jarraitu behar”. Balorazioa positiboa izan da: “Ikasleak gustura aritu dira, euskarrietako hizkera gertuko sentitu dute, eta bada hitanoa erabiltzera animatu denik ere. Ikasleak hitanoa lantzeko testuinguru naturala ezagutu dute, eta horrek euskararen erregistro hori egoera errealetan eta testuinguru esanguratsuetan baliatzeko aukera mahai gainean jarri du (...).. Pena sentitu duenik ere bada, izan ere, euskararen aldaera bakarra da unitatean jorratu dena, eta aldaera gehiago lantzeko aukera eman dezakeen unitatea dela adierazi dute”.