Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboa Mungiako Izenaduba Basoa zentroan izango da ekainaren 11tik urriaren 24ra arte. Gaur izan da erakusketaren estreinaldia, eta ekitaldian parte hartu dute, Alaitz Erkoreka Mungiako alkate andreak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Álvaro Parro Laboral Kutxako Bizkaiko komunikazio-arduradunak eta Adolfo Arejita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendariak.
Bere berbaldian, Alaitz Erkorekak erakundeen arteko lankidetzak daukan garrantzia adierazi du, «are ere handiagoa euskararen eta euskal kulturaren inguruko proiektuetan, holakoetan ezinbestekoa baita denon indarrak batzea. Geroak zer ekarriko digun jakiterik ez dagoela ere gaineratu du, baina ondotxo dakigula zer nahi dugun: «Orain dela ehun urte gure euskarak galaraziak zituen erabilera-esparruak irabaztea gura dugu (goi-mailako lanbideak, administrazioa, irakaskuntza osoa…) eta, batez ere, orduko bizi-indarra berreskuratzea eta gordetzea». Andres Urrutia euskaltzainburuak ere elkarlanaren garrantziaz jardun du gaurko mintzaldian: «Euskaltzaindiaren izaeran bertan dago hori, hots, bera eta gizartea elkar bat eginik jokatzea, elkarte, kultur eragile eta erakundeekin batera. Etorkizunean ere bide beretik jarraituko dugu, gure eginkizunak partekatuz, Akademiaren proiektuak plazaratuz, eta, ahal den neurrian, euskal gizartearen eskuetan jarriz».
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura diputatuak esan du, «belaunaldien arteko, herrien arteko eta gure kulturarekiko maitasuna eta errespetua partekatzen duten guztien arteko zubiak eraikitzen dituen hizkuntza» dela euskara. «Mungiako Udalaren, Euskaltzaindiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren arteko sinergia, argi eta garbi ikusten da erakusketa honetan —baieztatu du—; izan be, erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa izan da erakusketa hau gauzatzeko». Arrizabalaga diputatuak aitortu du, «erakusketa ibiltari honek gure lurraldea zeharkatzea ahalbidetu» duela, «euskararen aberastasuna guztioi parajetuz [hurbilduz] eta gure kultura-ondarea jagonez eta sustatuz».
Álvaro Parrok hitza hartu duenean, Laboral Kutxaren eta Euskaltzaindiaren elkarlana aspaldikoa dela aditzera eman du: «1977tik aurrera elkarlanean dihardugu Euskaltzaindiarekin, hain zuzen, Euskararen Liburu Zuriaren argitalpena ondu genuenetik». Lauaxetaren itzala ere gogora ekarri nahi izan du Parrok (Laukizen jaio arren, haur zela, Mungiara bizitzera joan baitzen Estepan Urkiaga Lauaxeta euskal idazlea), eta betidanik Mungiak euskararekin eta euskal kulturarekin izan duen lotura estua ere bai. «Hori guztiori bultzatzen jarraitu nahi du Laboral Kutxak —esan du Parrok—. Gure hizkuntzaren alde egiten dugu, ez gure ondarea babesteko bakarrik, ezpada gure sustraitzea eta kohesioa bultzatzeko ere bai».
Mapak, jokoak, animazioak, entzungaiak...
Erakusketa ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak azaleratu bezala, euskararen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexiko mailan, izen-morfologia zein aditz-morfologia esparruetan eta sintaxia alorrean). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Erakusketa bost atal nagusitan banaturik dago —Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza—, eta atal bakoitza atlaseko mapen hautaketa batek hornitua da, hala, bisitaria begi-kolpe bakar batez hizkuntza-aldaera horien guztien jabe egingo da. Horrezaz ostean, jokoak, animazioak eta entzungai gisako tresnak ere erabiltzen ditu erakusketak herri-hizkeren aberastasunean murgiltzeko.
«Zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada Euskara ibiltaria: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa», gogoratu du Adolfo Arejita EHHA egitasmoaren zuzendariak. «Bisitariak —ohartarazi digu—, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlasa zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, xix. eta xx. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa».
Arejitak bestelako kontuak ere aipatu ditu jendaurreko agerraldian: «80ko hamarkadan, Hizkuntza Atlasa lantzen hasi ginenean, euskal hiztunek altxor hori eman ziguten, eta orain, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli nahiko lioke. Horixe da, besteak beste, erakusketa honen helburua».
Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara ibiltariaren xedea ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aniztasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratua eta dagoeneko hamaika liburuki dituena. Proiektua xx. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian eta Gipuzkoan 36na herri, Nafarroa Garaian 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12 herri), 319 berriemaile eta 2.857 galdera; 1987. eta 1992. urte artean eginiko elkarrizketok, guztira, 5.000 ordutik gorako grabaketa-bilduma osatzen dute.
Ordutegiak eta bisita gidatua
Erakusketa ibiltaria ekainetik urrira egongo da zabalik. Bisita libreak ekainaren 15ean, 22an eta uztailaren 13an, 20an eta 27an izango dira, 11:00etatik 13:00etara. Doako bisita gidatuak ere antolatu dira:
- Irailaren 13an (12:00etan).
- Irailaren 21ean (12:00etan).
- Irailaren 28an (12:00etan).
- Urriaren 5ean (12:00etan).
- Urriaren 12an (12:00etan).
Dena den, bertaratu nahi duen orok Mungiako Izenaduba Basoan eman beharko du izena (946740061 telefono zenbakira ere deitu daiteke, edo izenaduba.basoa@gmail.com posta elektronikora idatzi.