Euskaltzaindiak bere webgunean eskegi du Piarres Lafitte euskaltzale, idazle eta euskaltzain osoaren artxiboa. Egundoko bilduma dokumentala da Lafitterena, ezinbestekoa Euskal Herriko euskalgintzaren historia ezagutzeko. Kontsultagai dagoen artxiboan honako dokumentu hauek azter daitezke:
- Gutuneria; berari zuzendutako gutunak eta kasu gutxi batzuetan berak idatzitakoak; halaber, hainbat aldizkari eta proiekturen partaidetzan jasotakoak.
- Piarres Lafitteren lanak. Hiru motatakoak dira:
- Euskalgintzan, euskal literatura eta Euskal Herriko historiaren ikerkuntzan, berak sortutako lanak.
- Editore gisa bideratutako hainbat edizioren dokumentuak.
- Hainbat egilerengandik jasotako dokumentuak, nagusiki Herria aldizkarirako. - Larresoro, Beloke eta Uztaritzeko ondare dokumentala. Seminario horietatik abiatuta, Ipar Euskal Herriko hainbat apaizen dokumentu sakabanatuak.
- Bertso bilduma. Ipar Euskal Herriko hainbaten tradizioari jarraituz, han-hemen jasotako bertsoak.
Artxiboaren ezaugarriak azaltzeko, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan izan dira gaur Jean Baptiste Coyos euskaltzainburuordea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Aitor Maritxalar digitalizazioaren arduradun teknikoa eta Jean-Michel Barnetche Uztaritzeko apez eta Piarres Lafitteren ikasle ohia.
Artxiboaren garrantziaz
Clément Mathieu apezpikuaren eskariz eta haren finantzaketarekin osatu zuen Lafittek bilduma erraldoia, nagusiki Ipar Euskal Herriko jatorri askotako dokumentuak bilduz. Piarres Lafitte (1901-1985) pertsonaia esanguratsua da Euskal Herriaren historian. 1945etik aurrera eta hil arte, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren erreferentzia nagusia izan zen, haren autoritatea eta itzala aho batez aitortuak zirela.
Euskaltzainak bildu zituen dokumentu eta artxiboen artean, honako hauek nabarmendu daitezke:
- 956 pertsonek igorritako gutunak (Euskal Herriko euskalgintzaren historia egiteko edo osatzeko iturri nagusietako bat, bereziki Iparraldekoa).
- Iparraldeko idazleen lanen eta dokumentuen bilduma handi bat (idazle hauek gehien-gehienak apaizak ziren eta haien dokumentu asko Larresoron, Beloken eta Uztaritzen zeuden eta Lafittek bildu zituen, ahanztura eta galbidetik salbatuz; zeregin horretan Clément Mathieu apezpikuaren agindua jaso zuen, bai eta laguntza ere). Guztira, 168 dosier daude.
- Lafitteren beraren lanen zirriborroak, originalak, kopiak, Lafittek berak argitaratutako hainbat idazleren lanen jatorrizkoa, eta antzekoak.
- Bertsoen eta kanta zaharren bilduma.