Arikala ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza berritzailea da, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultatea eta Euskaltzaindia elkarlanean lantzen ari direna. Egitasmo honen bidez, Euskal Herri osoko hamar ikastolatako ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak ematen zaizkie, eta ondoren, esku-hartze horiek duten eragina neurtzen da.
Topaketa honetan, elkarrekin lagunarteko hizkerari lotutako dinamiketan arituko dira hainbat ingurumari soziolinguistikoetatik heldutako ikasleak. Horrela, topaketaren helburua bikoitza da: batetik, arikalatarren komunitatea sendotu nahi da, eta, bestetik, gazte horiek euskararekin duten atxikimendua indartu nahi da.
10:15ean egingo zaie ongi-etorria aurrez aipatu ikastoletako ikasleei Altsasun. Guztiek elkarrekin hainbat jolas-dinamika egingo dituzte goiz osoan, lagunarteko hizkeraren hainbat ezaugarri lantzeko. Bukatzeko, talde argazki bat aterako dute 15:00ak aurretik.
Arikala, Mintzola egitasmoaren barruan
Euskaltzaindiak, 2022ko urtarrilean Mintzola egitasmoaren ardura hartu zuenetik, euskarazko ahozko jardunaren ikerketan, zabalkundean eta sustapenean dihardu. ‘Eguneroko hizkera’ deritzogun elkarrizketa-multzo eta jardunak, eremu ez-formalekoak gehienak, gure ahozko jardunaren zatirik handiena hartzen du. Mintzola egitasmoaren helburu nagusia hizkera hori aztertzea da, bai eta adierazkortasuna lantzeko tresnak garatzea ere.