Irakurriak nituen euskara batuaren xextrak eta hatxeak eta komunistak. Seminarioan geunden. Purgatorioan? Komunismoaren kontra, gorrien kontra. Arestiren poema liburua urte batzuk lehenago argitaratua. Espainiako Iparragirre saria irabazia. Baina hau, hemen azaltzen dena euskara al da? Baina, “nire bihotza ezkerrean dago eta bertako odola gorria da”, puufff.
Karmeldarren Olertitik ezagun zitzaidan Aresti. Honen espantuzko bertso sortak Basarri eta probokatuz. Maldan Behera-ren pasarte batzuk ciclostilez argitaratuak. Purgatorio estu horretan Arestiz zaletu nintzaizun eta bere inguruaz. Inguru honetan JARRAI (ala YARRAI?) antzerki taldeak Iñaki Beobide zuzendari zuela kokatzen dut. Garai hartan, euskal kantagintzak, euskal antzerkigintzak… HORDAGO! jo zuten: guk euskara hutsez.
“Itsasoan urak handi dire, / murgildu nahi duenentzat. / Gure herriko lanak / handi dire, / astun dire, / gogor dire, / zatiturik gaudenentzat.” (Xabier Lete).
Hor, hementxe ezagutu nuen Iñaki Beobide. Lubaki beretsuan. Iñaki aitzindari. Europan komikietan aurrendari zen Asterix eta Obelix euskaraz argitaratzeaz Iñaki arduratu zen. Beobide aitzindari. Lasterrera Euskal Dantzarien Biltzarraren sorrera Euromar Hotelean, Zarautzen. Gipuzkoatik beste batzuen artean Iñaki Beobide, Axen Egaña, Gaizka Barandiaran… lubaki berean.
Urte luzez bizitzeko zoria izan duenak hainbat su pizteko edo sutondotan izateko zoria ere izan du. Herri-gogoa, ETB, Argizaiola Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan...
Amaitze aldera, Iñaki, berriz ere Xabier aipatuz, purgatorioak purgatorio “betiko gozatzea nire ametsa da: zeruko jardinetan, zerurikan bada”, izan gaitezela.
Anttonmari Aldekoa-Otalora Zamalloa ohorezko euskaltzainak
(Iurretan, 2024ko urtarrilaren 16n, San Anton bezperan)