2023ko uztailean Euskera ikerketa aldizkaria eraberritu, Open Journal System (OJS) egiturara moldatu eta aldizkariaren webgune propioa sortu zen. Honela, Euskera ikerketa aldizkaria-k bi zenbaki argitaratuko ditu urtero. Lehena, urtarrila-ekaina aldiari dagokiona, eta bigarrena, uztaila-abendua aldikoa.
2023. urteko lehen zenbakian euskal hizkuntzaren ikasketetan ikerlari esanguratsu hauek argitaratu zituzten beren lanak: Andres Iñigo (euskaltzain emeritua), Jabier Kaltzakorta (Deustuko irakasle eta ikerlaria), Joseba Lakarra (UPV/EHUko katedraduna), Ekaitz Santazilia (Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlaria) eta Luis Mari Zaldua (ikerlaria).
2023. urteko bigarren zenbakia, aldiz, abenduan argitaratu da. Euskararen irakaskuntza, lehen hezkuntzako haurrak, etorkinak eta identitatea dira gai nagusiak baina bestelako edukiak ere badira. Bost ikerketa-artikulu ditu, horietarik lau elkarlanean eginikoak. Aritz Bereziartua, Odei Guirado eta Idurre Alonsok Lehen Hezkuntzako haurren lagunarteko hizkera landu dute, batik bat erderaren eragina. Aldiz, Mikel Urionaguena, Beñat Flores, Eneko Bidegain eta Aitor Floresek euskal tiktoklariengan eta beren edukietan jarri dute arreta. Lan kolektiboen artean, azkenik, Ane Urizar, Amelia Barquin eta Sara Jiménez de Aberasturik euskara ikasten ari diren ikasle etorkinak eta beraiekiko jarrerak aztertu dituzte. Ildo beretik, Odei Guiradok eta Jone Ruak idatzitako artikuluan erdal jatorria duten ikasleen harrera- eta murgiltze-planean esku-hartze pedagogikoaren ekintza-ikerketa jorratu du. Gaiz zeharo aldatuta, bere artikuluan, Imanol Muruak Klaudio Otaegik Euskal-Erria aldizkarian, 1880-1887 bitartean idatzitako kronika aitzindariak aztertu ditu.
Oharren atalean, Luis Mari Zalduak, 2022an eta Izenak bilduman, idatzitako Euskal Herriko Antzinaroko Euskal Herriko jainko eta jainkosen izenak argitalpenaren gaztelaniazko lapurpena eskaintzen digu.
Zenbakiarekin bukatzeko, bi liburu aipamen: Creación, Traducción, Autotraducción Euskaltzaindiaren mendeurrenaren karira literatura-sorkuntza eta itzulpenari buruz egindako jardunaldietako ponentzietan oinarritua. Olga Anokhina eta Aurelia Arkotxa dira lanaren editoreak eta liburu-aipamena Arantza Etxeberriak egin du. Halaber, Mari Mar Boillos eta Jon Kortazarrek editatu duten Libros en el terreno de juego lanaren liburu-aipamena, Oihana Calvok egina.