Euskaltzaindiak 70eko eta 80ko hamarkadetan argitaratutako hiru aldizkari pedagogikoren kopia digitalak eskegi ditu bere webgunean, hain zuzen, Gordailu, Isilik! eta Urrats aldizkarienak. Aldizkari hauen edukiak zabaltzea interesgarria izan daitekeela erabaki du Euskararen Akademiak, eta mota orotako ikertzaile eta euskaltzaleen eskura utzi ditu, kontsulta arin eta erraza bideratuz. Bide batez, hamarkada zail haietan euskara eta euskal kulturaren alde ibili ziren irakasleen eta euskaltzaleen lana ere ohoratu nahi izan du Euskaltzaindiak.
Aldizkari pedagogikoak
Gordailu hainbat irakaslek osatutako kolektibo bat izan zen, euskararekin eta berrikuntza pedagogikoarekin oso konprometituak zeudela. Besteak beste, 1970-1973 bitartean aldizkari bat argitaratu zuten (Gordailu), osorik euskaraz, gai pedagokikoak landuz ikuspuntu moderno eta aurrerakoi batetik.
Isilik! Gipuzkoako Ikastoletako Irakasle Elkarteak argitaratu zuen. 1982an publikatu zen lehen zenbakia, eta 1994ean azkena. Guztira 19 zenbaki argitaratu ziren, eta data horretatik aurrera Hik hasi aldizkariak ordezkatu zuen, gaur egun horrela segitzen duela.
Urrats aldizkaria, berriz, Donostiako Santo Tomas Lizeoak argitaratu zuen. Bizitza laburra izan zuen, soilik bi zenbaki atera baitziren (1978an eta 1979an).