Euskaltzaindiak erakusmahaia jarriko du 58. Durangoko Azokan, hain zuzen, Barrenkale 23an. Euskararen Akademiak ez du inoiz hutsik egin, eta 58 aldiz izan da Durangon, bere egitasmoak hauspotu eta argitalpenak erakusten.
Aurten, liburu mardul eta interesgarri bat aurkeztuko du Landakon, hots, Xabier Lizardiren (Jose Maria Agirre) poesiaren bilduma berria (Lizardi. Bihotz-begietan eta gainerako olerkiak, euskara batura hurbilduak). Abenduaren 9an aurkeztuko da jendaurrean, goizeko 11:30ean, eta ekitaldian Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkariak, Bakartxo Urruzola hizkuntzalariak eta Karlos Otegi liburuaren paratzaileak parte hartuko dute.
Bildumak orain arte publikatu diren poema guztiak biltzen ditu, eta, horrez gain, berriki berreskuratu diren beste bi olerki: Habiatxo eta Goiz-ibiltze. Gainera, Karlos Otegik idatzizko euskara batuaren eredura hurbildu ditu poema guztiak, euskara batuan ohitu eta trebatu den irakurleari Lizardiren olerkiak bertsio gertuagoan eskainiz.
Beste argitalpen batzuk
Inprentatik atera berri diren beste liburu batzuk ere izango dira Euskaltzaindiaren Azokako erakusmahaian. Besteak beste, oraintsu Baionan aurkeztutako Margarita Nafarroako erregina (1492-1549). Antzezlanak eta gutunak (Ixabel Etxeberriak paratua), Bonifacio Echegaray, promotor y defensor del euskera (Lázaro Echegaray eta Koldo Somokuetok paratua), Euskarazko ahozko jarduna Nafarroako gaztetxoen artean: egoera eta aukera berriak (2022ko Jagon jardunaldiaren emaitza), Ignazio Bergara goizuetarraren gutunak. Arranbide (Arano) eta Elama (Artikutza). 1787-1811 (Patxi Salaberri, Juan Jose Zubiri eta Iker Salaberriren ikerlana), Creación, traducción, autotraducción (Olga Anokhina - Aurelia Arkotxa), eta, nola ez, Euskara Batuaren Eskuliburuaren 5. argitalpena.