Azken bi urteotan, Ataungo Udalak bidelagun izan du Euskaltzaindia euskara sustatzeko zereginean. Elkarlan horren eskutik etorri da egitasmo honen emaitza, hain zuzen, Joxemartin Apalategi Begiristain ikerketa-bekari esker. Honela, Joan Arin Dorronsoro ikerlari ataundarrak egin zuen toponimia bilketa-lana aztertu, atondu eta digitalizatu da.
Orain, azken pausoa eman dute Udalak eta Euskararen Akademiak, lan hori guztia euskal gizartearen eskura jarriz. Gaurtik aurrera, Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke Dorronsororen ikerlan osoa, Tokiko onomastika bildumak atalean. Besteak beste, Dorronsorok eginiko krokisak agertzen dira bertan, eta materiala hiru modutara kontsulta daiteke: leku-izenak izaeraren arabera; kokalekuen arabera eta bilduma guztia alfabetoaren ordenan
Hedabideen aurrean gaur eginiko agerraldian, Martin Aramendi Ataungo alkateak erakundeen arteko elkarlanaren balioa azpimarratu nahi izan du: “Duela bi urte Euskaltzaindiarekin hitzarmena izenpetu genuenean, adierazi genuen guretzat Euskaltzaindiaren lankidetza izatea ohorea ez ezik nahitaezkoa zela. Izan ere, horrela bermatu egiten genuen Ataunentzat hain garrantzitsua den toponimia-lana ondo gauzatuko zela, ondo jasota eta sailkatuta geratuko zela eta erabilgarri egongo zela edonorentzat. Gaurtik aurrera, eginkizuna erabat burututa dago, edonork izango baitu aukera Ataungo toponimoak kontsultatzeko eta egoki erabiltzeko”. Bere aldetik, Luis Mari Zaldua Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide eta euskaltzain urgazleak webgunean jasotzen den materialaren balioa nabarmendu du: “Joan Arin Dorronsoro onomastikari modernoa ez ezik, aitzindaria izan zen euskal toponimiaren ikerketan, leku izenen ahozko nahiz idatzizko aipamenak, informazio geografikoa (krokisak) eta etimologia arloko azalpenak bateratu baitzituen. Orain, edonork kontsulta dezake materiak sendo hori, eta ez edonola, saiatu baigara erraztasunak ematen erabiltzaileari, bilaketa-modu diferenteak ezarriz”.
Joan Arin Dorronsoro: ikertzaile aparta
Joan Arin Dorronsoro, herrikoentzat Don Juan Txiki, San Gregorio auzoko Telleriazpi baserrian jaio zen 1892an. Apaiz ikasketak Gasteizen egin zituen eta, Araban (Artzubiagan eta Garaion) bi urtez aritu ondoren, sorterrira itzuli zen. Bertan eman zuen bizitza osoa. Jose Migel Barandiaranen auzokidea ez ezik, haren lagun eta jarraitzailea izan zen. Horren lekuko, hiltzera zihoala, Arinek haren esku utzi zituen bere lan argitaragabe batzuk, lagunak noizbait plazara zitzan.
Telleriazpikoak estreinako lana –herriko landa eremuko bizilekuei eta giza egoitzei buruzkoa– 1926an kaleratu zuen, Barandiaranek sortu eta zuzenduriko Anuario de Eusko Folklore aldizkarian kaleratu ere. Egin zuen lana ikusita, agerikoa da, orduko, toponimia atsegin zuela eta jakinbide horri garrantzi handia ematen ziola, segur aski Barandiaranen eraginez, ezaguna denez, honek toki izenez ondo hornituriko eskuz egindako planoak sartu ohi baitzituen arkeologia arloko ikerketei buruzko argitalpenetan.
1936ko gerraren aurretik egindako lanen artean, toki berezia merezi du aipatu aldizkarian bi urte geroago (1928an) atera zuen «Toponimia del pueblo de Ataun» artikuluak, bildutako izen kopuruarengatik ez ezik (2.500 toponimo inguru), erabilitako metodologiarengatik ere bai. Euskal eremuko aldizkari zientifiko batean ahozko lekukotzak, aipamen idatziak, etimoa eta izenen kokapena zehazteko mapak edo krokisak bateratzen dituen lehenbiziko lanaz ari gara. Aitzindaria izan zen, beraz, Ataungo onomastikaria. 1928ko ikerlana aberasten duten eskuz egindako hogeita bi marrazkietan errekak, antigoaleko galtzadak, bidezidorrak, etxeak eta baserriak, bordak eta oilategiak, behinolako orubeak, belardiak, ereiteko lurrak, basoak, larreak eta harkaiztiak berezi eta adierazi zituen. Unibertso harrigarri bezain zoragarria berrogeita hemezortzi kilometro koadrotan.
1972an hil zen arte, Arin hogeiko hamarkadan hasitako bilduma aberasten aritu zen. Azkenerako, Material toponímico izenburupean, Ataungo 8.742 leku izen (eta haien 589 alonimo) bildu zituen, hogeita bost karpetatan antolatu eta beste hainbeste planotan kokatu zituenak. Guztien ahozko formak eta askoren idatzizko lekukotzak jasotzeaz gain, Arinek izen gehienen etimologia proposamena egin zuen. Urre gorrizko altxorra. Lan horren bi original gorde dira, bata eskuz idatzia, bestea makinaz (1969).