Azaroaren 10ean, Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohia omenduko da bere sorterrian, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Euskaltzaindiak bat egin du gorazarrean Euskal Kultur Erakundearekin, Baigorriko Udalarekin eta Jean Haritschelhar katedrarekin. Jean Haritschelhar (1923-2013) Baigorriko seme, euskararen begirale izenburuaren ildoan, euskaltzalearen bizitza eta jarduna aztertuko dute lau adituk: Antton Curutcharry Euskal Elkargoko hizkuntza politikako arduradunak, Lourdes Otaegi EHUko irakasle eta euskaltzain urgazleak, Peio Jorajuria kazetari eta euskaltzain urgazleak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Ondoren, Jean Haritschelhar iruditan gogoratzeko parada izanen da, Euskal Kultur Erakundearen eskutik. Pantxoa Etchegoin EKEko zuzendari ohi eta euskaltzain urgazleak INAren artxiboko bideo zati ezezagunak paratu eta pasadizoz jantziko ditu hizlarien artean.
Finean, Baigorriko Haritzak (Jean-Louis Davantek Haritschelharri jarri zion goitizena gogoratuz) gure hizkuntzaren alde egindako lan itzelaz oroitzeko eta herri honi emandako lan adar berriak eskertzeko lekua izan nahi du Baigorriko Plaza Xokon gertatuko den topaldiak. Hitzen bidez, artxiboko irudiak baliatuz, Baigorriko semea, literatura gizona, kazetako luma, edota euskaltzainburua izan zenaz oroitzapenak partekatzeko eta zor zaion ekarpen handia eskertzeko txokoa izatea da antolatzaileon helburua, senide, lagun eta euskarazaleen arteko giro goxoan.