Tokiko Gobernu Batzordeak Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko 2023ko lankidetza-hitzarmena onartu du, 63.000 euroko zenbatekoa esleituta. Akordio horri esker, Euskaltzaindiak honako lan hauek egingo ditu aurten Gasteizko toponimiaren azterketarekin lotuta:
- Otobarren, Otogoien, Martioda eta Uribarri Dibiña herrien lehen itzulia. Testigantzak toponimo jakin batekin identifikatzen saiatuko dira, datuak aztertu eta ordenatzeko.
- Artatza, Gereña, Legarda, Mandoia, Otobarren, Otogoien, Martioda eta Uribarri Dibiña herrietako toponimoak deskribatzea.
- Inkestak egitea eta ortoargazkiak prestatzea.
- Dibiña II argitalpenean agertuko diren toponimo guztiei dagozkien testuen behin-behineko idazketa lantzea.
Era berean, Arabako lurraldearentzat garrantzi berezia duten lan agortuen berrargitalpena sustatuko da hitzarmena dela bide. Dokumentu horiek, gainera, digitalizatu egingo dira, Gasteizko Udalaren webgunean eskuragarri jarri ahal izateko.
Ekintza zehatz horiei ohiko ekintzak gehitu behar zaizkie: informazioa ematea eta herritarrekin lankidetzan aritzea, kultura zabaltzeko jarduerak bultzatzea, ikastaroak, hitzaldiak eta abar.