Gaur, Belgikako Brusela eskualdeko flandriar komunitatearen erakunde-ordezkariek bisitatu dute Euskaltzaindiaren egoitza. Hain zuzen ere, Assembly of the Flemish Community Commission delako erakundeko zortzi parlamentarik eta bi laguntzailek Bilboko Plaza Barrian dagoen eraikuntza barrutik ezagutzeko aukera izan dute. Andres Urrutia euskaltzainburuak eman dizkie azalpen nagusiak, eta beraren eskutik Akademiaren egitura eta zeregin nagusiak ezagutzeko aukera izan dute.
Astelehenean heldu ziren Euskal Herrira, eta ostiralean bueltatuko dira Bruselara. Bisitaren ardatza “eleaniztasuna, hezkuntza eta erakundearen ezagutza” da, eta euskalgintzarekin lotutako edozenbat erakunde eta elkarte ezagutzeko parada izango dute egunotan. Tartean, Eusko Legebiltzarra, EiTB, AEK, Topagunea, Etxepare Institutua, Udaltop eta, jakina denez, Euskaltzaindia.
Jakina denez, Belgikak administrazio- eta erakunde-egoera berezia dauka. Hiru eskualdetan antolatua dago (Flandria, Valonia eta Brusela). Halaber, hizkuntza-komunitateen araberako egiturak ere badituzte. Bruselaren kasuan, eskualde bezala, Parlamentua eta Gobernua dituzte. Baina Bruselan bi hizkuntza-komunitate daudenez (flandestarrak eta frankofonoak), bai Parlamentu horren barruan eta baita Gobernuaren barruan ere hizkuntza-komunitate bakoitzak bere ordezkaritza dauka: Assembly of the Flemish Community Commission of Brussels-Capital Region (Akademia ezagutzera etorri direnak) eta Brussels Francophone Parliament.