Batzuetan, horrelako adibideak ikusten dira sarean eta komunikabideetan: «Boterera iritsi zirenean kontraerreforma egiten hasi ziren», «Igandean publierreportaje bat atera zuten egunkari horretan», «Autoerregulazio-kode bat sinatu dute arlo horretan dabiltzan enpresa gehienek», «Inork ez daki zehazki zenbat autoerretratu margotu zituen».
Euskaltzaindiak kontrarreforma (eta ez *kontraerreforma) jaso du hiztegi arauemailean ‘aurreko erreforma bati kontra egiten dion erreforma’ adierarekin. Kontuan izan, bestalde, hitz horrek bigarren adiera bat ere baduela: ‘Luteroren erreformari aurre egiteko Eliza katolikoak eragin zuen erreforma’. Hiztegian zehazten den bezala, K larriz idatzi behar da bigarren adiera hori duenean.
Bestalde, Euskara Batuaren Eskuliburuak gogorarazten du Euskaltzaindiak hau gomendatzen duela horrelako formetarako: «ez dute zertan a/e/i-rik hartu, aurretik elkarketa dela-eta jadanik beste bokalen bat daramatenean: erreforma/kontrarreforma».
Bide beretik, erregulazio eta autorregulazio (ez *autoerregulazio) dira forma gomendatuak; erretratu eta autorretratu (ez *autoerretratu); erreportaje eta publirreportaje (ez *publierreportaje); erlazio eta korrelazio (ez *koerrelazio).
Beraz, gorago aipatutako esaldi horiek horrela idatziko genituzke: «Boterera iritsi zirenean kontrarreforma egiten hasi ziren», «Igandean publirreportaje bat atera zuten egunkari horretan», «Autorregulazio-kode bat sinatu dute arlo horretan dabiltzan enpresa gehienek», «Inork ez daki zehazki zenbat autorretratu margotu zituen».
Ikus halaber: