Azken bi urteotan, Ataungo Udalak bidelagun izan du Euskaltzaindia euskara sustatzeko zereginean. Elkarlan hori 2021eko Joxemartin Apalategi Begiristain beka deritzonean gauzatu da. Ikerketa-bekaren babesean, Joan Arin Dorronsoro ataundarrak herrian egindako toponimia-bilketa aztertu eta digitalizatu da, baita ortografia egokitu ere, izenak erabilgarriak izan daitezen.
2020ko urrian, Ataungo Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. Ondoren, Euskararen Akademiak bere gain hartu zuen bekaren zuzendaritza akademikoa, hain zuzen, Luis Mari Zaldua Etxabe euskaltzain urgazlearen eskutik. Era berean, Euskaltzaindiak Paskual Rekalde Irigoien euskaltzain osoa beka esleitzeko epaimahaiko eta lantaldeko kide izendatu zuen eta Mikel Gorrotxategi Nietok, Onomastika zerbitzuaren arduradunak, egitasmoan behar zen aldiro parte hartzea onetsi. Bekadun Txema Zubizarreta Aranbarri hautatu zen, eta lanari 2021eko uztailaren 19an eman zitzaion hasiera. "Bi astetik behin elkartu gara laurok digitalizatze lanak behatzeko eta toponimo bakoitzari, dagokion fitxaren hasieran, datu basean bakartzen duen forma esleitzeko. Azpimarratzekoa da Txema Zubizarretak erakutsi duen lanerako prestutasuna eta gogoa", azaldu du Luis Mari Zaldua Etxabek.
Aurrera jarraitzeko nahia ere azaldu du Ataungo Udalak, Arinek bildutako hizkuntza ondarea egungo mapetara ekarri nahi baitu; aurreko lanetan bezala, zeregin honetan ere Euskaltzaindia izango du bidelagun. "Arinek, haien ahozko formak eta idatziko lekukotasunak biltzeaz gainera, leku izen guztiak berak eskuz egindako krokisetan kokatu zituen. Horixe da, hain justu, bere lanaren alderdi baliotsuenetako bat. Lurrari lotutako elementuak izanik, kartografian adierazi ezean, toponimoak ‘hankamotz’ geratzen dira, euren balioaren parte garrantzitsua ezabatzen da", azpimarratu du Martín Aramendi Arana Ataungo alkateak.
Joan Arin Dorronsoro: ikertzaile aparta
Joan Arin Dorronsoro, herrikoentzat Don Juan Txiki, San Gregorio auzoko Telleriazpi baserrian jaio zen 1892an. Apaiz ikasketak Gasteizen egin zituen eta, Araban (Artzubiagan eta Garaion) bi urtez aritu ondoren, sorterrira itzuli zen. Bertan eman zuen bizitza osoa. Jose Migel Barandiaranen auzokidea ez ezik, haren lagun eta jarraitzailea izan zen. Horren lekuko, hiltzera zihoala, Arinek haren esku utzi zituen bere lan argitaragabe batzuk, lagunak noizbait plazara zitzan.
Telleriazpikoak estreinako lana –herriko landa eremuko bizilekuei eta giza egoitzei buruzkoa– 1926an kaleratu zuen, Barandiaranek sortu eta zuzenduriko Anuario de Eusko Folklore aldizkarian kaleratu ere. Egin zuen lana ikusita, agerikoa da, orduko, toponimia atsegin zuela eta jakinbide horri garrantzi handia ematen ziola, segur aski Barandiaranen eraginez, ezaguna denez, honek toki izenez ondo hornituriko eskuz egindako planoak sartu ohi baitzituen arkeologia arloko ikerketei buruzko argitalpenetan.
1936ko gerraren aurretik egindako lanen artean, toki berezia merezi du aipatu aldizkarian bi urte geroago (1928an) atera zuen Toponimia del pueblo de Ataun artikuluak, bildutako izen kopuruarengatik ez ezik (2.500 toponimo inguru), erabilitako metodologiarengatik ere bai. Euskal eremuko aldizkari zientifiko batean ahozko lekukotzak, aipamen idatziak, etimoa eta izenen kokapena zehazteko mapak edo krokisak bateratzen dituen lehenbiziko lanaz ari gara. Aitzindaria izan zen, beraz, Ataungo onomastikaria. 1928ko ikerlana aberasten duten eskuz egindako hogeita bi marrazkietan errekak, antigoaleko galtzadak, bidezidorrak, etxeak eta baserriak, bordak eta oilategiak, behinolako orubeak, belardiak, ereiteko lurrak, basoak, larreak eta harkaiztiak berezi eta adierazi zituen. Unibertso harrigarri bezain zoragarria berrogeita hemezortzi kilometro koadrotan.
1972an hil zen arte, Arin hogeiko hamarkadan hasitako bilduma aberasten aritu zen. Azkenerako, Material toponímico izenburupean, Ataungo 8.742 leku izen (eta haien 589 alonimo) bildu zituen, hogeita bost karpetatan antolatu eta beste hainbeste planotan kokatu zituenak. Guztien ahozko formak eta askoren idatzizko lekukotzak jasotzeaz gain, Arinek izen gehienen etimologia proposamena egin zuen. Urre gorrizko altxorra. Lan horren bi original gorde dira, bata eskuz idatzia, bestea makinaz (1969).