Urtero lez −badira 57 edizio−, Durangoko Azokan izango da Euskaltzaindia. Aurten, bi liburu aurkeztuko ditu Akademiak, Ahotsenea gunean: abenduaren 8an (16:30ean), zeresana eman dezakeen Luis Mari Zalduaren Euskal Herriko Antzinaroko jainko eta jainkosen izenak ikerlana aurkeztuko da; abenduaren 10ean (15:30ean), berriz, UPV/EHUrekin elkarlanean editatutako Mendebaldeko euskara zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia aurkeztuko da. Azken liburu hori Eneko Zuloagak ondu du.
Luis Mari Zalduaren ikerlan berrian, erromatar garaiko euskal mintzaira aztertzen da, jainko-jainkosen argitan; hau da, antzinateko harrietan lekukotzen diren jainko-jainkosen izenen eskutik. Euskal Herriko Antzinaroko jainko-jainkosen izenen gainean esan dena eta esan datekeena biltzen du liburuak, neurri batean. Eneko Zuloagarenak bestelako kontuak dakartza: hain zuzen, lana dialektologia historikoaren esparruari dagokio eta mendebaleko euskara zaharra du aztergai; zehazki, Erdi Aroan Euskal Herriko mendebalean zeuden ezaugarri eta zatiketa dialektal nagusiak ditu aztergai, Lakarrak (2014 [2011]) «Mendebaleko Euskara Zahar» deitutako unitate linguistikoaren nondik norakoak.
Faktoriako geziak, EiTBrekin elkarlanean
Beste bi liburu ere argitaratu ditu Euskaltzaindiak azken egunotan eta horiek ere Azokan izango dira. Batetik, Faktoriako geziak (EiTBrekin elkarlanean), hain zuzen, azken lau urteotan Euskadi Irratiko Faktoria saioan Adolfo Arejita euskaltzain osoak emandako orientabideak jasotzen dituen liburua. Hedabideek egunean eguneko eta presa biziko zeregin bati aurre egin behar izaten diote: euskaraz nola aditzera eman, gaztelaniaz, ingelesez edo beste hizkuntza batzuetan garatzen doazen kontzeptu eta adierazte-premia berriak. Horixe da Adolfo Arejitak egin duena, berak komenigarritzat jotzen dituen konponbideak proposatuz.
Bestetik, 2021eko edizioan, Resurreccion Maria Azkue haur eta gazteentzako literatura sariketan saridun izan diren idazle gazteen narrazioak eta olerkiak biltzen dituen liburuxka ere kaleratu du Akademiak.
Azkenik, Akademiak aurtengo nobedadeak ere erakutsiko ditu Landako guneko erakusmahaian. Besteak beste, Gasteizko Toponimia VIII: Dibiña I CDa; Henrike Knörr (1947-2008). Idazlan hautatuak. Textos escogidos; Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa (Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin argitaratua); Territoires, Langues, Littératures & Cultures : Confrontations, Lectures, Translations (Rennes-2 unibertsitatearekin batera); Allande Socarros (1957-2021). Euskal idazlan eta lekukotasun (Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlanean); Euskara Nafarroako hezkuntzan: egoera eta aukera berriak (Euskarabidearekin elkarlanean); Txomin Peillenen Ene bertsoen bilduma (1951-2021) eta Jabier Kaltzakortak paratutako Zerbitzariren idazlan hautatuak.