2021eko azaroaren 26an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Alfontso Mujika hizkuntzalari gipuzkoarra. Ondoren, euskaltzainek zortzi hilabete izaten dute sarrera-hitzaldia egiteko. Alfontso Mujikaren txanda izan da gaurkoa, eta hizkuntzalariak bere sorterrian egin nahi izan du ekitaldia, hain zuzen, Donostiako udaletxean. Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin du 10etan, eta 12etan hasi da ekitaldi instituzionala. Udaleko txistulariek girotu dute ekitaldiaren hasiera, eta, Nekane Arzallus Donostiako alkateordearen eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren ongietorriak entzun ostean, Mujikak bere sarrera-hitzaldia irakurri du.
Euskararen normalizazioaren eta estandarizazioaren arloan onomastika aipatzean, Euskal Herriko leku-izenak eta pertsona-izenak etortzen zaizkigu gogora, baina euskararen mundua ez da Euskal Herrian amaitzen; euskaraz aritzean, mundu osoko leku-izenak eta pertsona-izenak ere aipatu behar izaten dira. Arlo horretan ere jardun du Euskaltzaindiak modu sistematikoan 1994az geroztik, eta eremu aski ezezagun horretan Euskaltzaindiak zer egin duen, zergatik egin duen eta nola egin duen azaldu da hitzaldian Alfontso Mujikak, eta erakutsi du, halaber, kanpoko leku-izenetatik euskararen gramatikara eta hiztegira dagoen tartea itxuraz dirudien baino laburragoa dela.
Ingeniari eta hizkuntzalari donostiarraren sarrera-hitzaldiari Miren Azkarate euskaltzain osoak erantzun dio. Azkaratek Mujikaren biografia aletu du, euskaltzainaren bertuteak azalduz, eta ondoren haren hitzei jarraikiz, hauxe gehitu nahi izan du: “Kanporako begiratu horrekin batera barrura begirakoa ere ez du ahaztu Euskaltzaindiak. Azken 25 urte hauetako morfologia eta sintaxi-arauak, Euskaltzaindiaren Hiztegia nahiz Euskararen gramatika aztertzeak, bestalde, erakusten du nolako eragina izan duen kanporako begirako lan horrek euskal eratorpenean, hitz-elkarketan eta hiztegian”. Eta, azkenik, Alfontso Mujikari arrazoia eman dio: "kanpoko leku-izenetatik euskararen gramatikara eta hiztegira dagoen tartea itxuraz dirudien baino laburragoa da".
Ondoren, euskaltzain berriak zin egin dio bere karguari, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela esanez. Gero, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu Mujikak euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren akabailan, oparien eta ezusteen txanda helduda: Nekane Arzallus alkateordeak Donostiako Udalaren oparia eman dio Mujikari; Txema Pitarke de la Torre Elhuyar Fundazioaren lehendakariak Imanol Andonegi eskultore mutrikuarrak okasiorako landutako oroigarria; Saroi Jauregik hiru bertso kantatu dizkio, eta saririk gozoena amaieran izan da, Alfontsoren iloben eskutik: bi lore-sorta eta besarkada bana.