Euskaltzaindiaren Hiztegian jasotakoaren arabera, ‘norberaren onura besterik bilatzen ez dela, beste norbaiten lanaz edo gaitasunez baliatu, hura zapalduz’ adiera du esplotatu aditzak (beste adiera batzuen artean). Esplotazio izenaren adieren artean honako hau agertzen da hiztegian: ‘esplotatzea, beste norbaiten lanaz edo gaitasunez baliatzea, zapalkuntza bidez’.
Aldiz, ustiatu, zerbait ustiatzen da, ez beste norbait. Hala ondorioztatzen da, behintzat, hiztegi arauemailean ustiatu aditzak dituen definizioetatik:
«1 du ad. Zerbaitetatik, landuz, onura edo mozkina atera; bereziki, lehengaiak lortzeko, izadiko baliabideak landu. Meak eta basoak ustiatu.»
«2 du ad. Zerbait probetxuz erabili, zerbaiti ahalik eta etekin handiena atera. Eguna ustiatu dute langile horiek.»
Qatarko estadioak eraikitzen aritu diren langileen esplotazioa salatu dutenek ohartarazi dute pertsona horiei gogoz kontra eta behartuta lan eginarazi dietela. Horrelako lanak izendatzeko bortxazko lanak moldea egokia da euskaraz. Esamolde hori erabili du, adibidez, Euskaltzaindiak hiztegi arauemailean gulag sarrera definitzeko. Euskalterm datu-base publikoan ere horixe proposatzen da, erdal trabajos forzados / travaux forcés ordainekin.
Bestalde, Euskaltzaindiak ez du oraingoz arautu n, l, s, z, tz edo r kontsonantez bukatutako kanpoko leku-izenen deklinabidea, baina arauetan Qatarko erabili du (Qatarko Estatua). Hala ere, araurik ezean, ezin da esan Qatarreko gaizki dagoenik.
Gogoan izan, halaber, Qatarko herritarren jende-izena qatartar da (ez *katariar, ez *qatariar).
Azkenik, Hegoaldean lagunartean erabiltzen den mundial izenondoak ‘sekulakoa, oso ona’ adiera du. Mundu mailako kirol-norgehiagokak izendatzeko, munduko txapelketa esamoldea erabili ohi da, edo kasuan kasuko izendapena; adibidez, Futboleko Mundu Kopa.
Ikus, halaber:
Euskara Batuaren Eskuliburua: -ar atzizkia (aldaerak: -tar (-dar), -ztar)