Euskaltzaindiaren ardurapean dago Mintzola egitasmoa, eta ikerketan, ezagutzaren transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean jardungo du hurrengo urteetan. Ahots Baten sormen-egonaldiak hori dena biltzen du, eta proiektu horrekin gazteek euskaraz egiten diren hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera izaten dute, bide batez, ahozko kultura-sorkuntzaz gozatzen dutela.
Aurten, lehen aldiz egin da Amaiurko aterpetxean, lau egunez. Entxufeak gaia hautatu dute begiraleek, eta ardatz horren inguruan edozenbat ekintza egin dira: “Konexioak, aho-indarrak eta energia aipagai genituela, sormenaren bueltan igaro ditugu goiz, arratsalde eta gauak. Zaila da hitz gutxitan bertako esperientziaren berri ematea: talde estu bat saretzen, buruak kolektiboki sortzen eta nor beretik mundu bat eskaintzen ibili izan gara”, azaldu du Eider Perez begiraleak. Guztira sei begiralek dinamizatu dute ekimena, “esperientzia polita eta aberasgarria” izan dena, beraien hitzetan.
Euskal Herri osotik hurbildu diren 15 eta 22 urte bitarteko 27 gaztek ezagutu duten esperientzia “oso berezia” izan dela diote begiraleek. “Askok aurreko urteetatik ezagutzen zuten, beste askorentzat, aldiz, lehen aldia izan da; asko bertsozale elkarteak sortua duen aisialdi-saretik etorritako gazteak izan dira. Hala ere, baziren bertsoaz kanpoko beste arte-esparru batzuetatik zetozen gazteak. Denak gogoz zeuden zazpi ahalak egiteko eta gonbidatuekin izan duten gertutasuna nabarmentzekoa da”, azpimarratu du Eider Perezek.
Sortzaileekin jolasean
Amaia Castorene gai-jartzailearekin hasi zen aurtengo egonaldia. Lehen egunean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko Donibane Garaziko saioa ikustera joan zen taldea, eta, horren aurretik, Castorenek Garaziko txokorik esanguratsuenak erakutsi zizkien, bere jardunaz eta sorkuntza munduaz hitz egiten zien bitartean. Ondoko hiru egunetan, Amaiurko aterpetxeak hartu zuen gazte-taldea, eta Iñigo Astiz idazlearen bisita izan zuten lehendabizi. “Gurekin jolasean aritu zen, elkarrizketa umoretsu eta sakonak egin genizkion. Gauean errezitaldi bat eskaini zigun, oraindik argitaratu gabeko poema batzuk irakurri zizkigun. Hunkigarria izan zen”, azaldu du Perezek. Ondoren, Ainhoa Artetxe aktorea ezagutzeko parada izan zuten gazteek. Umorezko eszenak antzeztu zituzten elkarrekin, elkarrizketa bitxiak egin, eta aktore bizkaitarraren ibilbidea ezagutzeko aukera ere izan zuten partaideek. Azkenik, Artetxek era askotako pertsonaiak nola interpretatzen dituen erakutsi zien, hots, pertsonaiaz bera nola jabetzen den. Eta azken egunean, Paxkal Irigoyen eta Maia Hiribarne abeslariak hurbildu ziren Amaiurrera. Eider Perezek denak “liluratuta” utzi zituztela nabarmendu du: “Haien kantuen eta ibilbidearen gainean solastatu ginen eta, arratsaldean, Bañolet filmaren soinu-bandaren erakustaldi bat egin ziguten zuzenean, primerako saioa”. Amaiera bikaina lau eguneko esperientziari. “Sortzaile guztien diziplinartekotasunak eta jolasteko gogoak liluratu gintuen gehien”, nabarmendu du Eiderrek.
Helburuak beteta
Aurtengo egonaldiak asebete ditu gazte eta begiraleak. “Egonaldiaren helburu nagusietako bat gazteekin aisialdi-eremuan ahozkotasuna lantzea da, eta helburu hori betetzeko zeharkako tresna dira sormena eta arte-diziplina ezberdinak, hots, literatura, antzerkigintza, kantugintza eta bertsolaritza. Euskal kultura eta sorkuntzara hurbiltzea eta gonbidatuak gertutik ezagutzea ere badira aipatu beharreko beste bi jomuga. Eta, bukatzeko, gazteen arteko sarea sortzea da azken helburua. Helburu guztiak bete dira eta hezitzaileek eta gazteek pozik gaude emaitzarekin, izandako parte-hartzearekin, gonbidatuen adeitasun eta eskuzabaltasunarekin eta egindako lanarekin”, agertu du Eiderrek, dena “lagun arteko giroan” egin dela azpimarratuz: “Adin desberdintasuna ez da traba gazteentzat eta espazio bat eraikitzen dute lagunekin sortzeko eta sortutakoa partekatzeko”.