Tarteka horrelako esaldiak aurki daitezke sarean eta hedabideetan: «Entrenamendua bukatzeko sprinta egiten genuen», «Dorsalak bularrean jarriko dira tolestu gabe, ikus daitezen», «Mendi-lasterketaria, suhiltzaile profesionala eta ekintzailea da».
‘Laster egitea; bereziki, laster eginez leku jakin batera lehenengo heltzen denak irabazten duen norgehiagoka’ adiera du lasterketa izenak. Hiztegi arauemailean lasterka (eta korrika) ere jasota daude, biak ere adberbio eta izen kategoriekin.
Euskaltzaindiak laster egin, lasterka egin, korri egin eta korrika egin arautu ditu beste aditz batzuekin batera.
‘Laster egiten duena’ edo ‘lasterketa batean parte hartzen duen pertsona’ izendatzeko, lasterkari edo korrikalari izenak jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian (azken hori gipuzkera (Gip.) markarekin). Lasterketari forma, berriz, ez dago hiztegi arauemailean.
Lasterketan parte hartu aurretik berotze-ariketak egitea gomendatzen zaie kirolariei, zaintiraturik edo antzeko arazorik ez izateko. Gorputz-atalak beren mugimendu-zabaltasunik handienean hedatu eta lesioak gertatzeko arriskua gutxitzeko egiten den ariketari luzaketa esaten zaio (batez ere pluralean erabiltzen dela dio hiztegiak); luzaketa-ariketak edo luzatze-ariketak moldeak ere ohikoak dira, noski.
‘Korrikalari baten bizkarraldean jartzen den zenbakia’ izendatzeko dortsal forma hautatu da estandarrerako, ez *dorsal. Eta tarteka ikusten den *sprint formaren ordez esprint erabiltzea gomendatua du Euskaltzaindiak. Bide beretik, esprintatu, esprintari jo eta esprintean idazkerak dira egokiak.
Beraz, gorago aipatutako esaldiak honela idatziko genituzke: «Entrenamendua bukatzeko esprinta egiten genuen», «Dortsalak bularrean jarriko dira tolestu gabe, ikus daitezen», «Mendi-lasterkaria, suhiltzaile profesionala eta ekintzailea da».
Ikus, halaber: Euskaltzaindiaren Hiztegia