Azken egunotan, Hazia izenaren inguruan sortu den auzia dela eta, hauxe adierazi nahi du Euskaltzaindiak:
- Euskaltzaindiari galdetuta, Euskararen Akademiak Hazia izenari buruzko azalpenak eman zizkiola familiari, beraiek horrela eskatuta. Halaber, Euskaltzaindiak adierazi zion familiari haurrari Hazia izena jartzeko eragozpenik ez zuela ikusten hizkuntza aldetik, izen arrunt batetik eratorritako beste izen batzuekin (Amets, Haizea, Lizar, Nahia, Zeru, Zuhaitz…) gertatzen den moduan.
- Euskaltzaindia txosten bat idazteko eta hurrengo egunetan familiaren esku jartzeko prest dago, hala nahi eta behar izanez gero, izen horren inguruko auzia bideratzeko helburuz erabil dezaten.
Oraingo honetan, Hazia-rekin sortu da arazoa, baina, tarteka, halakoak gertatzen dira erregistro zibiletan, bereziki, izenari atxikitako generoa dela eta. Ildo horretan, Euskaltzaindiak, 2018an, malgutasunez jokatzeko eskatu zion Espainiako Justizia Ministerioari generoari doazkion kasuetan, hortxe suertatzen baitira arazorik gehienak.