Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak (EuskalGorrak) eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gaur, Akademiaren egoitzan. Hitzarmen honen xedea Akademiaren eta Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioaren arteko lankidetza egonkorra sendotzea da, hizkuntzaren ikuspegitik, euskal herritar gorrak –entzumen-galeraren maila zeinahi delarik ere– eta horien inguruko pertsonak ikusarazteko hainbat ekimen gauzatuta.
Hitzarmen honen jomuga elkarlaneko esparru iraunkorra ezartzea bada ere, bi erakundeok ahaleginak egingo dituzte honako hauek urtero-urtero garatzeko:
- Jardueraren bat elkarrekin antolatzea pertsona gorrentzako data esanguratsuetan:
- Irailaren azken astea: Zeinu-hizkuntzen Nazioarteko Eguna eta Pertsona Gorren Nazioarteko Eguna.
- Abenduaren 3a: Desgaitasunen bat duten Pertsonen Nazioarteko Eguna eta Euskararen Nazioarteko Eguna. - Euskal gorren komunitatearentzat eta pertsona gor euskaldunentzat baliagarriak izan daitezkeen euskarazko berba eta terminoak egokitzea.
- Pertsona gorrentzako irisgarritasuna bermatzea Euskaltzaindiak antolatzen dituen ekitaldi esanguratsuetan.
- Euskal gorrek darabilten zeinu-hizkuntzari lotutako irisgarritasuna bermatzea Euskaltzaindiaren ekoizpen-lan esanguratsuetan.
Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu du akordio garrantzitsua dela gaurkoa: “Euskararen eremuari gagozkiola, Euskaltzaindiaren jardunbidearen funtsezko abiaburua da gizatalde kalteberei laguntzea, bai eta herritarren gizarteratzea eta parte-hartzea errazten duten jarduerak eta baliabideak sustatzea ere. Horretara dator hitzarmen hau, Euskaltzaindia euskal gizarteari so baitago eta gizarteko eragile guztiekin elkarlanean aritzeko prest”. Bere aldetik, Aitor Bedialauneta EuskalGorrak elkartearen presidenteak adierazi du akordio hau "behar-beharrezkoa" dela beraientzat: "Gure egoera plazaratzeko eta egiten duguna adierazteko beste bide bat emango digu hitzarmen honek, orain arte ez baitugu aurrerapausorik eman euskararekin, eta eman beharrekoa zen. Hau dena Euskaltzaindiaren eskutik bada, askozaz hobeto".
Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioa EAEko pertsona gorren hainbat elkarte bildu eta ordezkatzeko beharrizanetik abiatuta, 1978. urtean sortu zen irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Federazioaren jatorrizko izena FASE (Gorren Elkarteen Euskal Herriko Federazioa) izan zen, baina 2002. aurrera, egungo izena darabil.
Hala, EuskalGorrak erakundeak EAEko pertsona gorren elkarte guztien koordinatzaile eta ordezkari jarduten du eta Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten du pertsona gorrek oinarrizko zerbitzuak jaso ditzaten bermatzeko xedez.