Euskaltzaindiak Iker bildumaren azken emaitza aurkeztu du gaur Bretainiako Carhaix herriko liburu-azokan. Aurten, 93 argitaletxe eta 300 egiletik gora bildu dira Carhaixko liburu-azokan.
Ikerlana Rennes-2 unibertsitatearekin elkarlanean plazaratu du Euskararen Akademiak.
Lurraldeak, hizkuntzak, literaturak & kulturak: konfrontazioak, irakurketak, translazioak (Territoires, langues, littératures & cultures : confrontations, lectures, translations) ikerlana Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren karira antolatu zen literatura jardunaldiaren emaitzetako bat da. 2019ko maiatzaren 16an eta 17an izan zen nazioarteko mintegia, Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura-artxiboak izenburupean. Jardunaldi horren bigarren emaitza ere izanen da, urtarrilean argitaratuko dena.