Erresuma Batuko erregina hil berri dela eta, euskaraz errege-erreginen izenak nola erabili behar diren gogoratzeko baliatu nahi dugu albistea.
Albistegietan -eta, oro har, hedabide eta sare sozialetan-, zenbait modutan idatzita ikusi ditugu hildako erreginaren eta izendatu berri duten erregearen izenak: Elizabeth II.a, Elisabet II.a, Karlos III.a, Charles III.a eta abar.
Euskaltzaindiaren 186. arauak dioenez, Bigarren Mundu Gerraren amaieraz geroztik (alegia, 1945az geroztik) errege edo erregina bihurtu direnen izenak ez dira euskarara egokitzen, eta jatorrizko izenak erabiltzen dira (adibidez, Juan Carlos I.a edo Felipe VI.a).
Data hori baino lehenago errege edo erregina bihurtu zirenen kasuan, berriz, Euskaltzaindiak araututako euskarazko ponte-izenak erabiltzen dira (adibidez, Karlos IV.a, Filipe I.a).
Arau horren arabera, beraz, Elizabeth II.a eta Charles III.a dira forma egokiak egunotako albisteetan hizpide izan diren ama-semeak izendatzeko.
Edonola ere, Euskaltzaindiaren arau hori (gainerakoak bezala) osorik eta tentuz irakurtzea komeni da, besteak beste kontuan hartu beharreko ñabardura eta salbuespen batzuk ere badituelako.
Hartara, historia-liburuetan Elisabet II.a eta Isabel II.a formak erabiltzen dira beste erregina bat izendatzeko; XIX. mende-bukaeran Espainiako erregina izandakoa, hain zuzen ere. 1945 baino lehenagokoa izanik, euskarazko ponte-izen arautua erabili beharko litzateke (Elisabet). Baina, kontuan izanda erregina horrek Euskal Herrian izan zuen eragina eta Isabel forman garai hartako testu askotan agertzen dela, bigarren forma hori ere ontzat ematen du Akademiak salbuespen gisa.
Erresuma Batura itzuliz, Charles III.aren emazte den Camilla erregina ezkontidea da. Horrela izendatzen dira 186. arauan ezkontzaz erregina bihurtu direnak. Oraingoz, kontsorte hitza ez da jaso hiztegi arauemailean.
Gogoan izan, gainera, errege-erregina, normalean, pluralean erabiltzen dela, seme-alabak edo jaun-andreak bezala, eta generoaren ikuspuntua behar bezala jasotzen ez duten kalkoak baztertzekoak direla (Errege-erregina Katolikoak, ez *Errege Katolikoak).
Ikus halaber:
186. araua. Atzerriko pertsona-izenak. Grafia-irizpideak. Errege-erreginen eta kidekoen kasua