Liburu honen bidez, Euskaltzaindiak eta Sü Azia elkarteak iragan urteko abenduaren 9an zendu zen Allande Socarros xiberotar euskaltzain urgazle jakintsua nahi izan dute ohoratu. Liburua bi zati nagusitan antolatu da: alde batetik, Allandek berrogei bat urtez idatzi zituen artikulu eta liburuetako idatz-zati hautatu zonbait biltzen ditu eta, bestetik, Allande ontsa ezagutu zuten hamabi pertsonaren lekukotasunak eskaintzen ditu. Hamabi lagunek argibide anitz eman dituzte Allanderen lanez, kolaborazioneez eta egitateez. Horrezaz gain, Allanderen nortasuna eta ikusmoldeak deskubrituko ditugu. Hots, gizon libre bat ageri zaigu, euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriari bizitza osoa eman diena.
Battitu Coyosek zera azpimarratu du: “Behin elkarrizketa batean erran züan honek Allande ontsa laburbiltzen du: Militantziak bizitza hartu dit”. Bestetik, Jean Michel Bedaxagarrek hauxe adierazi du: “Lagun mina galdu dugu eta langile handia; Allande omendu nahi izan dugu liburu honekin, bide batez Xiberuaz eta euskaraz jakintsu baten lanaren aztarna utzi ondoko belaunaldientzat”.
Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzaz prestatu da liburua.
Allande Socarros Etxebarren (Zuberoa) sortu zen 1957ko uztailaren 12an, eta Maulen (Zuberoa) hil, 2021eko abenduaren 9an. Euskaltzain urgazle izendatua izan zen 2018ko uztailaren 20an. Euskaltzaindiaren lau batzordetan lan egin zuen: Euskalkien lantaldean (2013-2021), Euskara Batuaren Eskuliburua batzordean (2017-2021), Euskara Eskuz Esku egitasmoan (2018-2020) eta Onomastika batzordean (2019-2021).
Ofizioz argazkilari izanez, laster kazetaritzara joan zen. Aldizkari anitzetan idatzi zuen, nahiz euskara batuaz, nahiz zubereraz: Zeruko Argian, Egian, Abilen, Ekaitzan, Argian, Jakinen, Herrian... baina nagusiki lanbidez Euskaldunon Egunkarian eta Berrian (1990-2008). Laurogeiko hamarkadatik goiti militante abertzalea izan zen eta bizi osoan militatzen egon. Kazetaritzaz gain, lan anitz eraman zituen sare sozialetan, itzulpengintzan, elkarteetan. Liburu zenbait argitaratu zituen eta zuberera zorrozki landu zuen, euskara batuarekiko zubia eginez. Oro har, erran genezake Allande Socarros Zuberoako eta zubereraren enbaxadorea izan zela.