2018ko urrian, mendeurrenaren karietara, Euskaltzaindiak webgunea erabat berritu zuen. Berrikuntza haren ostean, eguneraketa asko egin dira; baliabide berriak online jarri dira eta lehendik zeuden baliabideak eta edukiak eguneratu, etengabeko berrikuntza prozesu bati jarraituz.
Baina aurrerantzean, Euskaltzaindiak webgunearen berrikuntza progresibo sakonagoa egingo du. Gaur aurkezten den orri nagusiaren eguneraketa berrikuntza horren lehen urratsa baino ez da izango. Hurrengo hilabeteotan, eguneraketa webgunearen beste atal eta baliabide batzuetan aplikatuko da (bilaketa orokorra, webgune osoa mugikorretarako optimizatzea...).
Honela, eta azken lau urte hauetako ibilbideari eutsiz, etengabeko berrikuntza prozesuarekin jarraituko da: eduki eta baliabide berriak sortuko dira, alde batetik, eta lehendik martxan dauden baliabideak osatu eta hobetuko dira, bestetik.
Orri nagusiaren berrikuntzak:
- Diseinu berriarekin erabilgarritasuna hobetu da. Horretarako, orri nagusia sinplifikatu da eta atal desberdinak modu erabilgarriagoan kokatu dira. Atal bakoitzaren diseinu grafikoan ere hobekuntzak egin dira, modu errazago eta azkarrago batean erabili ahal izateko.
- Gainera, atal eta baliabide linguistiko erabilienetan sartzeko sarbide zuzenak jarri dira: azken lau urteetako erabilera-estatistikoetan oinarrituta, webgunean gehien erabiltzen diren atalak nabarmendu dira, klik bakarrean baliabideetara iristeko.
- Azkenik, sakelako telefonoetara hobeto egokitzen da diseinu berria: orri nagusia moldagarria da, gailu desberdinetan egoki ikusteko (sakelako telefonoetarako zein tabletetarako bista egokituak prestatu dira).
Erabiltzaileen erantzun positiboa
2018an egin zen eguneraketarekin batera, webgunearen erabilera asko igo zen, progresiboki % 40ko igoerara iritsi arte. 2019an egonkortu egin zen erabiltzaileen kopurua, eta 2020an, COVIDaren pandemiak mundua astindu zuenean, gora egin zuen berriz erabiltzaileen kopuruak, % 25 inguru.
2022ko hasieratik ia beste horrenbeste igo da erabiltzaileen kopurua (% 20), Berbaxerka eta Wordle jolasen ondorioz, batez ere, jolas hauek Euskaltzaindiaren Hiztegia erabiltzen baitute oinarri gisa.