Euskaltzaindiaren Hiztegiak hau dio anitz sarreran:
1 zenbtz. Asko. (Aditzarekiko komunztadura singularrean nahiz pluralean egin daiteke; izenaren ezkerrean agertzen da gehienean, baina eskuinean ere ezar daiteke; izena mugagabean erabiltzen da beti). Anitz iritzi desberdin. Beste anitz puntu. Sagar ustel anitz. Anitz jende etorri da. Eta hau ez da ene ustea, euskaldun anitzena baizik. Anitz lekutan. Anitz gizonek. Etxe anitzetan. Paraboletara narama premia gorriak, inguruko beste anitz bezala. Anitzek diotenez. Ez dira anitz etorri direnak. Garratza izanen zaie anitzi mintzaira hau. || (Izen sintagma mugatuan). Ipar. Anitzak dira lehenak direnen artean azken izanen direnak. Marinelen emazteak, anitzak senargabeak. Hauta ezazu hobeki gutxia, ezen ez anitza.
2 adb. Oso, txit. Anitz handia. Anitz ederki. Anitz zahartua iduri omen zuen. Maitagarria da anitz.
3 adb. Asko. Ez da anitz luzatuko. Anitz bizitzeko esperantza. Anitz asaldatu ohi da. Anitz balio duen gauza.
4 adb. (Erkaketan). Askoz (ere). Anitz gehiago egiten dute. Anitz hobea da. Anitz aberatsagoa. Anitz gutxiago.
5 [Oharra: Euskaltzaindiak, anitz-ek euskara idatzian izenondo gisa izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori izenondo gisa ez erabiltzea gomendatzen du, eta industria anitza eta kidekoen ordez askotariko industria eta kidekoak erabiltzea].
Lehen lau adierak zenbatzaileari eta hitz horrek dituen adberbio gisako hiru erabilerari daude eskainiak hurrenez hurren. Bosgarrenean berriz izenondo gisa ez erabiltzeko gomendioa ematen du. Zergatik dio hori?
Orotariko Euskal Hiztegiak erakusten du anitz hitza iparraldeko euskalkietakoa eta nafarrerakoa izan dela eta tradizioan ez dela adjektibo gisa erabili izan. XX. mendeko corpus estatistikoan 1989an ageri da lehenbizikoz anitz adjektibo gisa erabilita. Hortik aurrera zabaldu zen erabilera hori.