Lehen bi aditz horiek honela agertzen dira Euskaltzaindiaren Hiztegian:
gertatu, gerta, gertatzen
1 da ad. Egite edo gertaera bat izan, gauzatu edo heldu. Ik. jazo. Egunero gertatzen diren gauzak. Zer gertatu da? Senperen gertatua. Judasi gertatua. Ezbehar handia gertatu zaio. Gerta daitekeena da. Horrelakorik berriro gerta ez dadin. Bizitzea gertatu zaigun egunon ezaugarriak.
2 da ad. Izan, bilakatu, aipatzen den ondorioa izan. Eritasun honetaz kutsaturik gertatzen bazara. Kondenatuetarik bat gerta ez zaitezen. Ahalegin guztiok alferrekoak gerta daitezke. Laguntza hura kaltegarria gertatu zitzaion gero. Ez zara lekuko faltsu sekula gertatuko. Ararteko gerta dakigun. Haurdun gertatuko zara eta seme bat sortuko duzu.Otsoa, non aipa, han gerta (esr. zah.).
3 da ad. Aurkitu, suertatu. Gizonak bere burua munduan aurkitzen du, hemen gertatzen da, nola eta zergatik ez dakiela. Nor geure aldian eta tokian gertatzen gara. Parisen elkarrekin gertatu ziren. Egun horretan gertatu ginen franko egoera larrian. Haren arima zeruan gerta dadila.
4 da/du ad. Prestatu, atondu. Engraziaren etxean sekulako oturuntza gertatu zuten. Berehalaxe gertatu nintzen lanerako.
Lau adiera daude. Lehenengoa eta hirugarrena alderatzen baditugu, ikusiko dugu hor suertatu dagoela definizioan. Zein da bi adiera horien arteko aldea? Suertatu sarrerak argituko digu hori:
suertatu, suerta, suertatzen
1 da ad. Zerbait halabeharrez gertatu edo egokitu; gertatu. Herensugearen janari izatea suertatu zitzaion. Ezkontzan suertatu zaio gizon bat abererik zikinena baino zikinagoa. Gauza jakina da zer suertatzen zaien itsas zabalean dabiltzanei.
2 da ad. Halabeharrez, toki edo egoera jakin batean aurkitu. Ik. egokitu 3; gertatu 3. Zu han suertatu bazina, hilko zintuzten. Gizonak bere burua munduan aurkitzen du, hemen gertatzen da, hemen suertatzen, nola eta zergatik ez dakiela. Ez dut aukera nire eskuko, eta loturik naukan hari horri eutsi beharrean suertatzen naiz, nahi badut eta nahi ez badut.
3daad. Topo egin. Egun haietan, eta elkar aditu gabe, Erroman suertatu ziren Juan de Figeroa, Matiu Ori eta Gazpar de Doctis.
Suertaturen definizioetan, halabeharrez adberbioak laguntzen die gertatu, egokitu aditzei. Gertatu aditzaren lehen adierak ez du ñabardura hori. Hirugarren adieraren definizioan, ordea, suertatu dago, eta adibideei erreparatuta, ikusten da adiera horrek baduela halabeharrezkoa izateko ezaugarri hori.
Laburbilduz:
- Neurri batean edo bestean, halabeharrezkoak, zorizkoak, ez diren gertaerak gertatu egiten dira eta ez suertatu. Beste kontu bat da gertatu aditza erabiltzen dela halabeharrezkoak diren gertaera batzuk adierazteko.
- Bestela esanda, gertatu testuinguru askotan, gehienetan, markatu gabea da eta batzuetan markatua, baina suertatu gertaera markatuak adierazteko erabili izan da.
- Horrela bada, inola ere zorizkoak ez diren gertaerak ez dira suertatu bidez adierazi izan.
Orotariko Euskal Hiztegiko adibideetan horixe ikusten da.
XX. mendeko corpusean 1980ko hamarkada arte ere bai, baina hor hasten dira agertzen zalantzarik gabe zorizkoak ez diren gertaeretarako suertatu aditza daramaten adibideak. Esate baterako: Betidanik suertatu den moduan; Hori deigarria suertatzen zaio; Horietan egokia gertatu erabiltzea litzateke.
Eta jazo nola erabiltzen da? Euskaltzaindiaren Hiztegiak hau dio:
jazo, jazo, jazotzen
da ad. Gertatu. Gertaera bat jazo. Ez zen horrelakorik jazo. Zer jazotzen da? Beste hainbeste jazo zitzaion Job santuari. Heriotza haiek jazo zirenean. Berdin jazo zen bestearekin. Arratiako herri batean jazorikoa.
Hau da, gertaturen baliokidea da. Batez ere, bizkaierazko testuetan erabili izan da, baina gaur egun euskara batuzko testuetan ere aurkitzen da, baita bizkaieradunak ez diren idazleen testuetan ere. Horregatik ez du Euskaltzaindiaren Hiztegian euskalki markarik.