Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena hitzartu dute eta bi erakundeek euskararen erabilera areagotzeko eta euskal kulturaren zabalkundea egiteko asmoa agertu dute, elkarlanaren ildotik.
Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Enrique Diez de Ulzurrun Iruñeko Komunikabideak Fundazioaren lehendakaria sinadura ekitaldian izan dira, Akademiaren Iruñeko ordezkaritzan. Fundazioaren ordezkariaren hitzetan, “Nafarroan hizkuntzaren jakiteari zein erabilerari dagokienez, lanean jarduteko helburuarekin sinatu dugu hitzarmena, bi erakundeon gogoa handia baita, dibulgazioan eta sentiberatzean egitasmoak partekatzeko”. Sagrario Alemanek ere honakoa adierazi du: “Ahozko ondarea sendotzeko bidean, lan batzordea osatuko dugu eta bertan zehaztuko ditugu datozen urteetan elkarlanean gauzatu beharreko egitasmoak. 2022ko irailean, lehen mintegia landuko dugu, 8-12 urteko gaztetxoen euskarazko ahozko jardunaz aritzeko, bai eta etorkizunean ahozkotasuna hobetzeko abian jar daitezkeen ekimenak irudikatzeko ere”.
Jardunaldiaren ondoren, mintegiaren edukiak baliatuz argitalpen bat ontzen saiatuko dira bi aldeak, elkarlanaren emaitzei ahalik eta zabalkunderik handiena emateko, bai hedabideetan, bai teknologia berrien bidez.