Orobat, Koldo Mitxelena lehen solairuko gelaren batean mintzo edo eskaileran, ez jakin handik behera edo behetik hara bihurtuaz; ez bide ziren urrutiegi Ibon Sarasola eta Joakin Gorrotxategi. Iñaki handik zen nonbait baina hura arratsaldeko txandakoa eta ni goizekoa izanik, ikasturtea aurreratua bide zen elkar ezagutu genueneko.
Gogoan ditut Iñigo eta Manul azpeitiarrekin gehi Keux axkoitiarrarekin (kuadrila makala, alajaina!) Bastiturrin Iñakik eta biok igaro bi ikasturteak, eta han eta Floridako parkean partekatu Leizarragaren ahoz gorako irakurketak (harenak nireak baino ozenagoak), baita Parte Zaharrean elkarrekin egindako jirak eta birak ere. Geroago, noizbehinkako topaketak haren lagun berri niretzat ezezagunekin.
Pelegrín Oterok itzuli Chomskyrenak eta Sanchez de Zavalak bildu harenak eta jarraitzaileenak, eta Fonética histórica vasca nahiz Gero biok genituen eskuartean edo eskura. Céline, Cioran eta Savaterrekin ez nuen lagundu, gehixeago Markis Jainkotiarraren “Apaiz baten eta hil hurranaren elkarrizketa” edo “Filosofia boudoirrean”-ekin nahiz Mirande abertzale sozialistarekin eta noizbait bera ere zaletu zen nire Meilleten La méthode comparative eta RS maiteetara.
OEH Gasteiztik Donostiara 1984ean aldatzean Iñaki eta Marijose Kerejeta izan ziren harako lehen hautatuak. Iñakik han egindako lan erraldoia ezaguna da ofiziokoen nahiz enparauen artean eta, zorionez, bada oraindik horren lekukorik. Karrera amaitu eta gutxira (Mitxelena bizi zela) argitaratu zuen pare bat artikulu ASJUn, onomastikazko ezaugarri interesgarri batzuez eta Luzaideko Etxeberriren testu ezezagun bezain erakargarriaz; geroxeago baita Orixeren enkarguzko edizio bat ere. Zorigaitzez, ikerketa filologiko edo linguistiko “akademikoa” ez omen harentzako eta bide horretan jarraitzeko xaxatze saioak antzu gertatu ziren.
2009an onartu eta hurrengo urtean Euskararen Hiztegi Historiko Etimologikoaren egitasmoa eta hurrengo urtean abian jartzeko bi teknikari esleituak ziren. Bata (alderdi “historikoaz” arduratuko zena) nekez izan zitekeen inor Iñakiz besterik, nahiz ordurako 25 urteko bizipen eta irakurketa oso ezberdinak ziren gure artean. Ondoko 10 urteetan egindakoak hitzen alderdi ezkutuenak miatzeko zuen isuri eta trebezia paregabea berretsi zituen. Bestalde, Iñakiren izaera ezagutuaz, hori bezain aipagarri gertatu zen bigarren lankide “gaxtearekin” lortu tratu eta harmonia, hori bai, Julenek bere aldetik pixka bat eta are gehixeago ere jarrita. “Hotzago” eta “formalago” ginenok (hala zioen berak) gure “buru-itogin” edo “setakeria teorikoetarik” ihes egitea lortu aldiro, bazuen bixigarririk guretzat. EHHE200 2019an amaitu ondoren, bestelako hiztegi eta literatur proiektuetara abiatu zen, elkarrengandik berriro urrunduaz, nahiz tartekoren baten bitartez Iñakiz zerbait jakin edo telefonoz nahiz mailez inoiz edo behin haren kuku laburregiren bat izan. Orain lehen baino beharrago zintugunean joan zatzaizkigu. Oso Segurola".
Joseba A. Lakarra
2022ko Berpizkunde eta Aberri Egunean