Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi berriak Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu du gaur. Anduezarekin batera, Nora Abete, PSE-EEko Kultura eta Euskara idazkaria, eta Pau Blasi, Ikasketak, Programak eta Prestakuntza saileko idazkaria, etorri dira Bilboko Plaza Barriko egoitzaren atarian hartu ditu hirurak Andres Urrutia euskaltzainburuak. Urrutiarekin batera, Euskaltzaindiaren ordezkaritza osatu dute Adolfo Arejita Akademiaren idazkariak, Erramun Osa idazkariordeak, eta Joseba Zabaleta kudeatzaileak.
Barrura sartu eta egoitzaren hainbat gune bisitatu dituzte politikariek: Azkue Biblioteka, Batzar-gela... Eta Batzar-gelan bertan, Ohorezko Liburuan sinatu du Anduezak. Gero, ordu erdiko batzarra egin dute PSE-EEko eta Euskaltzaindiko ordezkariek, eta azkenik agerraldi publikoa egin dute kazetarien aurrean.
Bertan, Eneko Anduezak euskararen sustapenean landu beharreko ildoei buruzko zalantzak azaldu ditu: “Nola sustatu euskara gero eta anitzagoa den euskal gizarte honetan? Nola bermatu kalitatezko hezkuntza ikasle guztientzat? Nola eskaini kultura-eduki erakargarriak Interneten bizi diren gazteei?”. Ohartarazi du, gainera, “2022ko Euskadik zerikusi gutxi” duela orain dela mende erdikoarekin: “Herria desberdina da, euskaldunok desberdinak gara, lana desberdina da, ohiturak desberdinak dira eta euskara sustatzeko politikek ere desberdinak izan beharko dute, benetan eraginkorrak izateko”. Horretan ari direla azpimarratu du PSE-EEko idazkari nagusiak, eta euskara “apriorismo politikoetatik ahalik eta gehien aldenduz eta sustapenaren bidean jarraituz, herritar guztiek nahi duten hizkuntzan bizitzeko askatasunaren defentsa” egingo dutela nabarmendu du. Etorkizuneko politika horiek “adostasun zabalaren” eskutik etorri behar dutela gaineratu du Anduezak.
Andres Urrutia ere pozik agertu da politikarien bisitarekin: “Atsegin osoz hartzen ditugu PSE-EEko ordezkariak. Eskertzekoa de euren bisita eta honek etorkizuneko lanak gauzatzeko aukera ematen digu”. Urrutiak esan du Akademia beti dagoela zabalik “maila instituzionalean alderdi politiko desberdinekin elkartzeko”, baita beraiekin batera elkarlana bultzatzeko ere, euskararen mesedetan; ildo horretan, seinalatu du euskara “denona” dela, euskal herritar guztiona, eta, era berean, hizkuntza biziberritzeko ezinbestekoa dela “guztion parte-hartzea”.