Nafarroako toponimia ofizialaren datutegian 96.000 leku-izen inguru daude. Leku-izen horiek kartografia ofiziala hornitzen dute eta bakoitzaren kokalekua zehaztasun handiz dago jasota, koordenatu geografikoen bitartez. Euskaltzaindiak ere badauka leku-izenen datutegi handi bat, Euskal Corpus Onomastikoa (ECO) izenekoa, eta, neurri batean, Akademiaren webgunean kontsulta daitekeena, hain zuzen, Euskaltzaindiaren Onomastikaren Datutegian (EODA). Orain, koordenatu haiek ekarri ditugu Euskaltzaindiaren datutegira, gutxi gorabehera 86.000 puntu kartografiko zehatz eta, horren ondorioz, Euskaltzaindiko webgunea kontsultatzen duenak klik batekin ikusi ahal izango du orain leku-erregistro bakoitza non dagoen, mapa eta airetiko argazkien bidez.
Lan interesgarri eta zehatz hau toponimiaz edo geografiaz interesa duen edonorentzat baliagarri izan daiteke, eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke, Onomastika atalean (Leku-izenak). Patxi Galé Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak lanaren garrantzia azpimarratu du: “Euskaltzaindiaren datutegirako urrats handia da orain egin dena, bai webgunearen bidez kontsultak egiten dituztenen mesedetan eta bai ikerketan ari garenon lan-tresna gisa ere. 2020. urtean Euskarabideak eta Euskaltzaindiak sinatutako hitzarmen bati esker gauzatu da eta, helbururik behinena, leku-izenen kokaleku zehatza bistaratzea izan bada ere, lankidetzarako beste ate interesgarri batzuk irekitzen ditu”. Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren gakoak ere azaldu ditu Galék.
Bestalde, Mikel Arregi Euskarabidea Institutuko zuzendari kudeatzaileak nabarmendu nahi izan du “lankidetza tekniko baten atea” ireki duela lan honek. “Izan ere, lan honekin erlazionatuta gelditzen dira, neurri batean behintzat, Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eta Nafarroako Toponimiaren Datu Basea; erlazionatuta toponimo berei erreferentzia egiten dieten horretan”. Arregik aukera profitatu du, gainera, José María Jimeno Jurío ohorezko euskaltzainak 1992-1999 bitartean zuzendu zuen lan “erraldoia” goraipatzeko, Foru Komunitateko toponimia aztertu baitzuen Nafarroako Gobernuak bere zuzendaritzapean.
Lan berriaren ondorioak
Euskaltzaindiaren Euskal Corpus Onomastikoa (ECO) datu baseak leku-izenok euskaraz nola idatzi eta nola jokatu behar diren iradokitzea du helburu. Nafarroako Gobernuaren bisorean, aldiz, agerikoagoa da alderdi geografikoa, toponimoak eskala eta itxura desberdineko kartografietan erakusten baititu. Hala ere, bisorean toponimoen gaineko informazioa ere biltzen da, eta, hori kontuan hartuta, onuragarriak dira honelako urratsak, datu base bien arteko informazio trukea erraztu dezaketenak, aukera interesgarriak ireki baititzakete aurrerantzean.
Zer da Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA)? Adibide bat
Euskal Corpus Onomastikoaren (ECO) zati bat erakusten duen Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) da Euskaltzaindiaren webgunean datu onomastikoak kontsultatzeko tresna. Horretara jo eta, adibidez, Ibañeta bilatzen badugu, leku horren fitxara jo ahal izango dugu. Geoposizioa dioen koxkan ikusiko ditugu aipatu ditugun koordenatuak bi formatutan (geografikoak eta UTMak), eta goian dauden botoien bitartez ikusi ahal izango dugu Ibañeta non dagoen GoogleMaps ezagunean, OpenStreetMap plataformako mapetan, nahiz Institutu Geografiko Nazionalaren bisorean.