Gaur, Euskaltzaindiaren egoitzan egin den Osoko bilkuran, Miren Agur Meabe idazle bizkaitarraren izena aurkeztu da euskaltzain oso izateko hautagai. Gogoratu behar da Xabier Kintana emeritu izatera igaro zela 2021eko urrian, eta hilabete horretan Gasteizko Etxezarra eraikinean egindako Osoko bilkuran zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzaindiaren barne-arauen arabera, hutsarteak betetzeko proposamenak ondoko bi batzarretan aurkez daitezke (kasu honetan, azaroan eta urtarrilean).
Horretara, eta Akademiaren arautegiaren arabera, otsailaren 25ean egingo den Osoko bilkuran, euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, euskaltzain oso berria aterako da hautagaia. Otsaileko bilkura hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izanen da.
Gogoratu behar da euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok, gutxienez, izenpetu behar dutela. Eta, proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dituzte xeheki. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.
Hona hemen hautagaiaren profil laburra:
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia.
Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsi du, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik.
Literatur itzulpengintzan ere aritzen da. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara.
Ohorezko aitortzen artean, Lauaxeta saria (2007), Rosalia de Castro (2012) eta Deia-Hemendik (2015) aipatu behar. Bere testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2006tik.