Euskaltzaindiak azken 50 urteetan euskararen normatibizazioaren arloan egindako lana biltzen duen gidaliburua plazaratu du, Iberoamericana Vervuert argitaletxearekin batera: Arantzazutik mundu zabalera. Euskararen normatibizazioa: 1968-2018. Hain zuzen ere, 2018an, Akademiaren mendeurrenaren baitan egin zen jardunaldian jasotakoak bildu dira argitalpen berrian: guztira, jatorri askotariko 49 adituk hausnartu eta esandakoak. Besteak beste, Eric Hoekstra, Jeroen Darquennes, Joan Martí, Manuel González, Battittu Coyos, Miren Azkarate, Miriam Urkia, Asier Larrinaga, Irene Arrarats, Ainhoa Arregi, Xabier Isasi, Elixabete Piñol, Maddi Etxebarria, Ander Irizar, Joxerra Garzia, Andres Alberdi eta Bernardo Atxagaren gogoetak jasota daude argitalpenean.
Mendeurrenaren baitan, Euskaltzaindiak mintegi berezia antolatu zuen 2018ko urrian, Arantzazun: bertan, euskararen estandarizazio prozesuan eginiko aurrerapenak azaldu ziren eta, horrekin batera, etorkizunean egin beharreko ahaleginak plazaratu. Hori dena biltzen du Arantzazutik mundu zabaleragidaliburuak, baina ez hori bakarrik. “Liburu honek corpusari buruzko gogoeta sakona dakar, hots, Euskaltzaindiak hiztegigintzan, gramatikan, onomastikan, ahoskeraren alorrean... eginiko aurrerapenak azaltzen eta finkatzen ditu. Baina corpusa eta estatusa batera eraman behar direnez, liburuan argi ikusten da, ildo beretik, gure hizkuntza administrazio publikoan, hezkuntzan edo itzulpengintzan baliatzeko tresna fina izan dela eta badela. Horixe da, izatez, Euskaltzaindiaren zeregin nagusia: tresnak sortu eta gizarteratu, berari dagozkion alorretan”, esan du Urrutiak gaurko agerpenean.
Liburua sei ataletan banatu da (5+1), eta azken 50 urteotako ahaleginen lagin interesgarria eskaintzen du, ondorio ugari azpimarratuz, Urrutiak adierazi duen bezala: “Liburuan ondorioztatzen da euskara batuak bere funtzioa bete duela, jauzi kualitatibo ikaragarria egin baitugu, esaterako, azken 25 urteotan. Euskara batua tresna eraginkorra da erabilera jasoaren ikuspuntutik; zentzu horretan, gizarteak eskatzen dituen funtzio guztiak betetzen ditu eta, gainera, euskararen lurralde guztietara hedatu da”. Sasoia zenean, euskara batuaren auzia “hil ala bizikoa” izan zela nabarmendu du euskaltzainburuak, baina hizkuntzaren “ajeak” ere seinalatu ditu: “Hizkuntzarena eten bako prozesua izanik, oraindik badago zer egin. Esaterako, tokian tokiko errealitate eta moldeak kontuan izan behar ditugu, euskara errealitate berrietara egokitu behar da −digitalizazioa, ikus-entzunezkoen aldaera berriak, adimen artifiziala...− eta euskalgintzan gabiltzanok baliatu behar dugu batua koordinazio-tresna gisa. Liburuan ere asko hitz egiten da kontu horien inguruan, hots, etorkizunari begira egin beharreko ahalegin berrien inguruan”.
Liburuaren azken berba Euskara Batuaren Adierazpenada, bertan berresten baitira Euskaltzaindiaren helburu nagusiak, oraindik ere bizi-bizi dirautenak. Adierazpen hori Joan Mari Torrealdai euskaltzainak irakurri zuen 2018an antolatutako Arantzazuko mintegian.