Euskaltzaindiak XXI. mendeko Euskararen Gramatika aurkeztu du gaur Akademiaren egoitzan. Bertan izan dira Miren Azkarate euskaltzain osoa eta Gramatika batzordeko kidea, Pello Salaburu euskaltzain osoa eta Gramatika batzordeburua, eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Salaburuk lan berriaren iturburua argitu du lehenik goiz parteko agerpenean: “XXI.mendeko Gramatikak jarri genion izena Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira antolatu genuen Gramatika jardunaldiari. Eta XXI. mendeko Euskararen Gramatika gisa aurkeztu genuen amaitu berria genuen gramatika ere bai”.
Luze jo dute argitaratze-lanek, baina Akademiak gaur aurkeztu duen Euskararen Gramatikak baditu mende honetan egin diren gramatiken ezaugarrietako asko, Salaburuk azaldu duenez: “Izan ere, garaian garaiko moldeak, kontzeptuak, izaten dituzte eskura gramatikariek eta horien arabera deskribatu eta azaltzen dituzte hizkuntzen ezaugarriak. Beraz, azken 25 urte hauetan argitaratu diren gramatikek baliatzen dituzten kontzeptuak aintzat hartzea dagokigu”.
Ondoren, gaur egungo gramatikek eta Euskararen Gramatikak partekatzen dituzten ezaugarriak aletu ditu: “Egungo gramatikak talde-lanaren fruitu dira. Ez dira egile bakarrarenak, baina ezta hainbat egileren kapituluen bilduma huts ere. Talde batek adostutako lanak dira. Gure kasuan, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordearen lana; gainera, deskribatzaileak dira gramatika horiek, ez dira gramatika teorikoak, baina kontuan hartzen dituzte azken urteetan egindako ikerketa teorikoak; izan ere, gramatika modernoak egungo ikerketen sintesi izan ohi dira. Horrez gain, gramatika hauek tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka bilatzen dute. Guri dagokigunez, azken hogeita bost urte hauetako euskarari buruzko ikerlanen ekarpenak ere ekarri ditugu Euskararen Gramatikara”. Azken kontu honi dagokionez, Salaburuk gaineratu du horrek berarekin dakarrela “gramatika tradizionaletan ageri ez ziren kontzeptuak azaltzea”, baina betiere “gramatikari garaikideen artean guztiz hedatuak daudenak”.
Berritasunak
Zein dira, beraz, Euskararen Gramatikak dakartzan berritasunak? Pello Salaburuk berak nabarmendu ditu aipagarrienak. Hona hemen:
- ‘deklinabide’ eta ‘kasu-sistema’ kontzeptuak bereizi dira, eta, Van Eysek XIX. mendearen amaieran egin bezala, euskaraz ‘kasu atzizkiak’ eta ‘postposizio atzizkiak’ ere bai.
- ‘argumentu egiturak’ eta ‘paper tematikoak’ kontuan hartu dira aditzen sailkapena egitean, baita hitz elkarketa eta eratorpena aztertzean ere.
- ‘hitz ordena’ kontzeptua ikuspegi zabalago batetik aztertu da, eta ‘sintaxi egitura’ eta ‘informazio egitura’ bereizi dira. Eta informazio egitura aztertzean EGLU-I Eranskineko kapitulua osatu da.
- Morfologia lexikoari zazpi kapitulu eskaini zaizkio: Euskaltzaindiak hitz elkarketaz argitaraturiko lau liburukiak laburtu eta eratorpen atzizkiak banan-banan aztertu dira.
- Izenari, adjektiboari, izenordainei, adberbioari, determinatzaileei eta aditzei eskainitako kapituluak sakonki berritu dira. Hau da, EGLU-I eta EGLU-II goitik behera berrikusi, aldatu, eta osatu dira.
- Perpausetik goragoko ikuspegian sakondu eta diskurtso markatzaileei bi kapitulu mardul eskaintzea erabaki da, argitaratu zenean guztiz berria zen ‘lokailu’en gaia (EGLU-III) osatu, ‘diskurtso-markatzaile’en barruan kokatuz.
Dena den, Salaburuk ohar bat egin nahi izan du gaurko agerpenean: “Honekin euskararen gramatika osoa idatzi dela esan daiteke? Ez. Gramatika gaien azterketa, munduan dauden diziplina guztiekin gertatzen den gisan, ez da inoiz ere agortzen”.
Gramatika batzordearen ibilbidea
Lehenbiziko Gramatika batzordea 1980ko apirilaren 18an izendatu zuen Euskaltzaindiak: Pierre Lafitte zen buru; Jean Haritxelar buruorde; Patxi Goenaga idazkari eta Maria Pilar Lasarte idazkariorde. Batzordea berehala hasi zen bilerak egiten, Gipuzkoako Foru Aldundiko Julio Urkijo liburutegian. Garai hartan hainbeste jende hurbiltzen zen bilkuretara, batez ere lehenbiziko hilabeteetan. Hastean, norabide argirik gabe abiatu ziren batzordekideen eztabaidak: gramatika egin behar zela, behar bezala taxutuko zela, bai, zerbait berria, bai,baina ez zen sobera gehiago zehazten, eta inprobisatze puntu handia gertatu zen hasierako bilera haietan.
Askatasuna izan zuten batzordekideek gaiak lantzeko orduan, bakoitzak nahi zuen gaia aukeratu eta ekartzen zuen eztabaidara. Gauzak hola, berehala egin zuen Euskaltzaindiak batzordearen lehenbiziko argitalpena, 1981ean: Gramatika Batzordearen lanak zuen izena eta eztabaidatzen hasteko gisako koadernoa zen. Lan horren argitaratzeak garrantzi handia izan zuen batzordekideei konfiantza emateko, gero eginen ziren lan eta azterketa guztien abiapuntua izan baitzen.
Batzordearen eginkizunik nagusia «materialeak, langaiak,... » biltzea zen, geroago, lan horietan oinarriturik, Euskaltzaindiarena izango den Gramatika osatu ahal izateko. Hasierako liburuxka horrek, ordea –anitzetan gertatzen den bezala–, ez zuen segidarik izan. Hala ere, batzordeak segitu zuen eta, pixkanaka, egin behar ziren lanak zehaztu ahala, prozesu horretan lankide taldea mugatuz joan zen, eta 1984an Iruñean aurkeztu zen geroztik Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU) deituko zen lanaren lehenbiziko liburukia ("Perpaus bakuna"). Ondoko urte luzeetan argitaratu ziren beste sei liburuki gehiago, zazpi denetara: 1987 ("Aditza"), 1990 ("Lokailuak"), 1994 ("Juntagailuak"), 1999 ("Mendeko perpausak-1"), 2005 ("Mendeko perapusak-2), 2011 ("Mendeko perpausak-3"). Tartean beste material batzuk ere argitaratu ziren.
2011z geroztik: Euskararen Gramatika
2011n, EGLU (Euskal Gramatika: Lehen Urratsak) guztiak bukatuak zirela, berriz ere hasi zen batzordea pentsatzen nola hobetu eta gaurkotu lana. Batetik, bistan da, liburuki guztiak ez ziren lanabes homogeneoekin landuak izan: idazmakinaz lehenik, lanak aurreratu ahala etxeko ordenagailuen erabilera areagotu zen, Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) liburukiak eskura jarri ziren, corpusak gero eta handiago eta aberatsago ziren, euskal hizkuntzalaritzan sartutako ikertzaile gazteak sintaxiaren eta gramatikaren inguruko puntu zehatzak ikusmolde berriarekin hasi ziren lantzen... Beraz, egoera asko aldatu zen urteen arabera. Asko eta lastertasun handiz.
EGLU osoak batasun handiagoa behar zuen. Eta horri ekin zion batzordeak: definituz, lehenik, argitaratutako liburuetan zer aldatu behar zen, zer hobetu, zer zuzendu, zer beste modu batera azaldu. Eta zehaztuz, aldi berean, zein ziren ukitu gabe geldituak ziren atalak, edo zeinek behar zuten sakontasun handiagoa. Hori definiturik, eskema luze bat prestatu zen, behin eta berriz eztabaidatu eta aldatu zena. Eta, ondoren, eskema horren edukia osatzen hasi ziren kideak. Beste hizkuntza batzuetan prestatzen eta argitaratzen ari ziren gramatiken pareko zerbait egin nahi zen. Edo, guztiz parekoa ez bazen ere (kontuan izanik baliabideak, gramatika ikerketen tradizioa eta abar ez direla inondik ere pareko), bai, gutxienez, zerbait homologagarria. Horrek eskatzen du datuak biltzea, bai, baina datu horiek gutxieneko marko teoriko baten barnean biltzea. Nekez egin daiteke gramatikarik egun sintagma, flexioa, ergatibitatea, aditz inergatiboak eta inakusatiboak (izen horrekin edo beste batekin), argumentu sarea, osagarri, adjuntu edo buruaren kokagunea, eta horien gisako kontzeptuei buruz erreferentziarik egin gabe. Edo, nahi bada, horiek aipatu gabe ere egin daitezke gramatikak. Baina ez dira inola ere homologagarriak izango. Gramatikaren deskripzioak egitura teorikoa behar du, gauzak ez baitaude ikertzaileen artean orain dela berrogei urte bezala.
Prozesu luze horrek beste emaitza bat ekarri du, gaur aurkeztu den Euskararen Gramatika.
Batzordekideak historian zehar
Urte luze hauetan aldaketa asko izan ditu gramatika batzordeak, kideei dagokienez: batzuk zendu dira, jende berria sartu da, beste batzuk taldea utzi behar izan dute, eta abar. Baina gaurko Euskararen Gramatikahau aurkezten badugu lagun hauek guztiek une batean edo bestean egin duten ekarpenik gabe, nekez izango zen posible. Hona hemen gaur egungo batzordekideen zerrenda osoa:
Lino Akesolo (†); PatxiAltuna (†); Iñaki Amundarain; Miren Azkarate; Luis Baraiazarra (*); Ane Berro; Piarres Charriton (†); Andolin Eguzkitza (†); Beatriz Fernandez; Juan Garzia; Patxi Goenaga; Jean Haritschelhar (†); Nora Iriarte (*); Alan King (†); Pierre Lafitte (†); Itziar Laka (*); Joxe Mari Larrarte (†); Maria Pilar Lasarte (*); Jesus Mari Makazaga; Céline Mounole; Jose Antonio Mujika (*, 2021ean utzia); Ane Odria (2021etik aurrera); Patxi Ondarra (†); Beñat Oyharçabal; Paskual Rekalde; Karmele Rotaetxe (†); Pello Salaburu.
Hasiera-hasieratik (1980-2021): M. Azkarate; P. Goenaga; J. Mujika; B. Oyharçabal eta P. Salaburu.
Zenduak (†); Bestelako arrazoi batzuengatik batzordea utzi dutenak (*)