Ana Ollok –Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria– Nafarroako euskal eskolen erradiografia historikoa eskaini zuen, Errepublika garaiko ikastoletatik hasi eta gaurdaino izan diren aldiak eta zedarriak zehaztuz. Eskolak euskalduntze prozesuan duen funtzioa goraipatu zuen Ollok: “Irakaskuntza hiztun berriak sortzeko bidea da eta hortik hazi da euskararen ezagutza gazteen artean; lehen, hamarretik batek zekien eta orain lautik bat dugu euskaldun”. Alta, gaur egungo testuinguruaren konplexutasunak –eleaniztasuna, atzerriko familiak, aisialdian pantailen kontsumo handia... – “ezinbestean aukera berriak sortzera behartzen” gaituela ohartarazi zuen.
Eduardo Aldasoro pedagogoak D eredua hartu zuen hizpide. Murgiltze-sistemaren nondik norakoak azaldu ostean, D ereduaren bilakaerari eta euskararen egoerari erreparatu zien, demografiaren gorabeherak, gaurko guraso-haurren hizkuntza-ohiturak, hizkuntza-aniztasuna, euskararen zonaldeak edota ingelesaren aldeko gizarte-presioa kontuan hartuz. “Aurrerapen handia egin da, emaitzak onak dira eta eredua sendotu egin da 50 urteotako esperientzian “, azpimarratu zuen balantze gisa. Aurrera begirako erronkei heldu zienean, ordea, ezkorrago azaldu zen: “hau ez da gora joango ahalegin serioa egiten ez bada”. Besteak beste, instituzioen inplikazioa, D ereduaren aldeko informazio-kanpainak, eskoletako hizkuntza-plan biziak, proiektu eraginkorrak eta etengabeko ebaluaketa balioetsi zituen.
“Koherentzia ere” behar dela gaineratu zuen, zenbaitetan “ematen ez duguna eskatzen dugulako”. Horren erakusgarri, bi adibide aipatu zituen. Lehena, etsenplu ezaren aldetik: “kexu gara patioan erdaraz aritzen direlako, baina nork irakatsi die euskaraz jolasten, etxean euskararik ez dutenei?”. Bigarrenaz denaz bezainbatean, ikasleak aktibatu beharra aldarrikatu zuen: “nola garatuko dituzte haurrek konpetentziak, klasean irakaslearen bakarrizketa entzun behar badute 45 minutuz?”. Azkenik, euskararen aldeko lotura afektiboa pizte aldera, eskolaren eta familien arteko harremana estutzea eta gurasoen motibazioa areagotzea garrantzitsu jo zituen.
Eleaniztasunaren kudeaketa ikastetxeetan
Maider Etxanizek “euskaran ardaztutako eleaniztasunaz“ jardun zuen, Lizarrako ikastolako hizkuntza planaren inguruabarrean. Hizkuntza bakoitzeko helburuzko edukiak ongi zehaztea, irakasle guztiek ikuspegi metodologiko berberei jarraitzea eta eskolaz kanpoko jardunetan baliabideak jartzea ezinbestekotzat jo zituen. Bestalde, garrantzi handia eman zion talde eragile bat sortzeari eta uztarketari, alegia, hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztien arteko komunikazioa hobetzeari eta ikastolako eremu guztien koordinazioa zaintzeari, “denok batera arraun egin ahal izateko”.
Proiektua gauzatzeko eragozpenen artean, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa lortzea, etapen arteko komunikazioa, proiektuari eskaini behar zaion denbora ateratzea eta “irakasle guztiak, tartean zientzietakoak, hizkuntza-irakasle ere badirela sinetsaraztea” azaldu zituen.
Marisa Zubiri eta Maite Gorospe –bi-biak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kideak– eskoletan eleaniztasuna kudeatzeko metodoaz eta gorabeherez aritu ziren, helburua “euskaldun eleanitzak heztea” izanik: “eleaniztasun gehitzailea da bilatzen duguna. Lehentasuna, baina, hizkuntza gutxituari, euskarari, eman behar zaio. Hori da eleaniztasun positiboa lortzeko modu bakarra”. Hizkuntza-proiektuaren ardura hezkuntza komunitate osoarena dela jakinagatik ere, “praktikan zuzendaritzak eta klaustroak” hartzen dutela nabarmendu zuten.
Ikasgela barruko nahiz kanpoko esperientziak
Alberto Barandiaran –Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko kidea– Sormen digitala hautazko irakasgaiaz aritu zen eta proiektua ideia sinple batetik abiatu zela azaldu zuen: “euskara eskolatik kanpo landuko bada edo esperimentatu daitekeen zerbait izatea nahi badugu, gazteen interesguneetara jo behar da”. Musikari heldu zioten, “gazteek asko kontsumitzen eta partekatzen dutelako, ia ikus-entzunezkorik gabe ezin dutelako bizi”. Musikatik abiatuta, hainbat sormen-tailer diseinatu zituzten eta sortzaileak ere gazteekin jarri zituzten harremanetan. Azkenik, prozesua bideoa jasotzea eta azken produktua egitea deliberatu zuten “ikasleek ikus dezaten elkarrekin egindako lana ez dela ikasgelan gelditzen, eta, gainera, partekatzeko modukoa dela”.
Nora Iriarte eta Miren Oteiza –Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa– Eskolako Literatura Kanona proiektuaz mintzatu ziren. Kezka batek jarri zituen proiektu honetarako lanean: “ikusten genuen literatura ez zela behar bezala lantzen”. Curriculumera jo zuten erantzun eske, eta hor, “helburuak ondo zehaztuagatik ere, bidea ez zela batere zehazten, eta ondorioz, irakasleen bizkar” gelditzen zela jabetu ziren. Irakasleei laguntza emateko asmo horri loturik, hasieratik izan zuten argi “idazleak, kritikariak, editoreak, unibertsitateko profesionalak eta gainerako adituak“ hartu behar zirela kontuan.
Imanol Janicesek Jaso musikala proiektu pedagogikoaren onurak azaldu zituen. Izen bereko ikastolan sortua, proiektuak euskara eta euskal kultura ditu ardatz, eta 12-16 urte arteko ikasleek musikal bat asmatzea eta taularatzea da helburua. Janicesek azaldu zuenez, “gazteek profesionalekin egiten dute lan eta proiektuaren lanketan zentroko irakasle guztiak inplikatu behar izaten dira”. Sortzaile izateko prozesuan, gazteek “ereduak hurbil“ izan behar dituztela nabarmendu zuen.
Ikasgelaz kanpoko esperientziei dagokienez, Alfredo Dufur –Nafarroako Toki-entitateetako Euskara Teknikarien Sarea– era.eus webgunearen nondik norakoak azaltzen aritu zen. 28 euskara zerbitzuk gurasoen aktibaziorako sortua, webguneak material erabilgarri ugari eskaintzen du, hala nola aholkuak, aisirako proposamenak, ipuin interaktiboak, tutorialak, agenda, eta abar. “Irakasle guztiak hizkuntza-irakasle baldin badira, guraso guztiak hizkuntza transmisore” direla nabarmendu zuen, Maider Etxanizen hitzak berera ekarriz.
Esther Lakastak Dindaia fundazioa hartu zuen hizpide. Aisialdian euskararen erabilera sustatzea helburu izanik, fundazioak haur eta gazteei begira jardun zuen hasieran, “baina aurrera egin ahala, familian eragitea ere beharrezko zela” ohartu ziren. Lakastaren ustez, “aisialdia bitarteko ezin hobea da, euskara eta gozamena lotzen baititu”, eta “berezko erabileratik berezko motibaziora” jo behar dela argudiatu zuen. Dindaia fundazioak dituen jardun-lerroak azaldu ostean, Parkean euskaraz programaren gainean aritu zen. 0-6 urte arteko haurrei eta haien gurasoei zuzendua da eta familiarteko hizkuntza-ohituretan eragitea du helburu, “familia euskaldunak ahalduntzeaz eta sarea sortzeaz gainera”.
Marta Diezek, azkenik, Jolasteka hartu zuen ahotan. Erribera inguruko haurrak eskola-eremutik kanpo harremanetan jartzen dituen proiektu horrek beretzat “bi elementu kutun” lotzen dituela azaldu zuen: “Herria, lurra, Erribera, batetik, eta, bestetik, euskara“. Eremu ez euskaldunean, A nahiz D ereduko 230 haur batzea zer nolako balentria den nabarmendu zuen: “Aisian euskarazko ekimenak oso gutxi dira, gurasoek besoak zabalik hartzen dituzte eta ikusi dugu mila aukera dagoela eragiteko”. Aurrera begira, herriak saretzea lukete erronkarik behinenetakoa.
Sagrario Aleman euskaltzain oso eta Sustapen batzordeko buruak eman zion amaiera jardunaldiari, euskara ardatz duen hezkuntzaren alde aritu diren guztiak txalotuz: “Euskaltzaindiak eskertu nahi du hezkuntzaren arloan euskara biziberritzeko egin den ahalegin berebizikoa, aspalditik datorrena eta iturri anitzetatik elikatu dena. Orobat, eskertu nahi du gurasoen eginahala eta dei egin nahi die euskara ardatz duten ereduen aldeko apustu sendoa egiten segi dezaten. Nafarroako herri-erakunde guztiei ere dei egin nahi die Euskaltzaindiak, gurasoen nahiari baikortasunez erantzun diezaioten eta euskara biziberritzearen aldeko engaiamendua berrets eta indar dezaten”.