Gaurtik aurrera, San Telmo Museoko klaustroan ikusgai izango den erakusketak Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako hainbat objektu arkeologikotan du jatorria, tartean orain museoan ikus daitezkeen sei hilarriak.
Eduardo Alfaro arkeologo eta ikerlariak, Idoubedas Oro egitasmoan lanean diharduenak, euskararekin lotutako inskripziodun hilarri hauek ikertzeaz gain, erakusketa bat prestatu zuen Sorian 2019. urtean. Donostiara etorri aurretik, Bergarako Laboratorium Museoan muntatu zen, baina pandemiak eragin nabarmena izan zuen egitasmo hartan. Orain, erakusketa ikusteko aukera berri bat eskaintzen du San Telmo Museoak.
Honela, 2021eko azaroaren 12tik 2022ko urtarrilaren 16ra, San Telmoko klaustroan egongo da erakusketa. Pieza arkeologikoen ondoan, besteak beste, Joakin Gorrotxategi irakasle eta euskaltzain urgazleak egindako azterketa eta iruzkin linguistikoak jasotzen ditu erakusketak.
Orain arte eskualde horretan topatu diren berrogei hilarrietatik, bost bildu dira erakusketarako, lagin adierazgarri gisa. Ikus daitekeen seigarrena, bestalde, baskoien iparraldeko Oiasso hiriaren eremutik datorren Andrearriagako estelada, San Telmo Museoan gordetzen dena.
Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako erromatar epigrafeei esker, bertan gure aroko lehen mendeetan bizi zen jendearen heriotzarekiko erritu eta sinismenen berri dugu. Inperioko lurralde gehienetan bezala, latinez idatzita daude, baina aldi berean bertako jendearen izen indigenak agertzen dira. Azken ikerketen arabera, hauetariko batzuk euskal-akitaniar antroponimiaren ikuspuntutik azal daitezke, euskararen historiarako garrantzitsuak diren aztarnak baskoiei zegozkien Ebro ibaiaz bestaldeko lurretan kokatuz.
Eskualde horretako jendearen jatorria, beraz, beren izen indigenetan islatzen da. Azken hamarkadetako aurkikuntzen aurretik, ezagunak ziren izen indigena urriak Soriako eta Ebro ibarreko ustezko hizkuntzekin lotzen ziren, hau da, zeltiberierarekin eta iberierarekin. Geroztik hona nabarmendu da ia ez dagoela zeltiberierazko izenik lurralde horretan, Numantziatik gertu egon arren; aldiz, askok egungo euskararen aurrekariak ziren akitanieraren eta baskoieraren ezaugarriak dituzte.
Jarduerak
- Azaroak 16. Hitzaldia. Eduardo Alfaro Peña: Costumbres romanas para la muerte en Tierras Altas de Soria. Huellas del euskera en epigrafía antigua
- Azaroak 18, 25. Hitzaldia. Bisita gidatua. Luis Mari Zaldua: Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak
- Azaroak 24. Joakin Gorrotxategi: Euskal sustraiko jende izenak baskoien lurraldeetan: Andrearriagako eta Soriako Tierras Altasko hilarriak
- Abenduak 4. Haurrentzako tailerra: Harrizko hitzak