Joan den ostiralean, Gasteizko ordezkaritza berrian (Etxezarra eraikina) egin zen Osoko bilkuran, Alfontso Mujika ingeniari eta hizkuntzalari gipuzkoarraren izena aurkeztu zen euskaltzain oso izateko hautagai. Gogoratu behar da Sarasola emeritu izatera igaro zela uztailaren 11n, eta uztailaren 23an Baionako Herriko Etxean egin zen Osoko bilkuran zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzaindiaren barne-arauen arabera, hutsarteak betetzeko proposamenak ondoko bi batzarretan aurkez daitezke (kasu honetan, irailean eta urrian).
Horretara, Akademiaren arautegiaren arabera, azaroaren 26ko Osoko bilkuran, euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, euskaltzain oso berria aterako da hautagaia.
Hona hemen hautagaiaren profil laburra:
Alfontso Mujika Etxeberriak (Donostia, 1959) Ingeniaritza Tekniko Industriala ikasi zuen EHUn. 1982-1987 bitartean, Donostiako AEKn lan egin zuen, irakasle hasieran, eta AEK-ko Donostialdeko eraketa-arduradun gisa azken hiru urteetan. 1987-1990 bitartean, Udako Euskal Unibertsitateko kudeatzailea izan zen.
1990az geroztik, Elhuyarren dihardu hizkuntza-teknikari: Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoaren erredaktorea izan zen eta Klaudio Harluxet Fundazioak argitaratutako Euskal Hiztegi Entziklopedikoa 8 liburukiko entziklopediaren erredakzio-burua ere bai (1995); halaber, Telebistako Teknopolis zientzia-dibulgazioko programaren erredaktorea (1999-2001) eta zuzendaria (2000-2002) izan da.
Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kidea da 2008tik eta Nafarroako Unibertsitateko Donostiako Tecnun Ingeniaritza Goi Eskolako irakaslea da 2017az geroztik.
2002tik, Euskaltzaindiaren Exonomastika batzordeko kidea da, eta 2007tik batzorde horretako idazkaria. 2006ko maiatzaren 26an izendatu zuten euskaltzain urgazle, eta Onomastika batzordeko kidea da 2016tik, eta 2017tik idazkaria.
2016tik, Euskara Batuaren Eskuliburua proiektuaren aholkulari eta ohargilea ere bada. Gainera, 2019an, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak argitaratutako Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburuaren idazle eta prestatzailea izan zen.
Kintana emeritu
Xabier Kintana hizkuntzalari bilbotarrak 75 urte bete zituen urriaren 13an, eta euskaltzain emeritu bilakatu da, Euskaltzaindiaren barne-arauek agintzen dutenaren arabera. Bere hutsunea betetzeko proposamenak hurrengo bi Osoko bilkuretan egin ahalko dira.
Hortaz, azaroko eta urtarrileko Osoko bilkuretan aurkez ditzakete euskaltzainek Kintanaren hutsartea betetzeko proposamenak, eta hirugarren bilkuran egingo da hautaketa. Otsailekoan, alegia.
Gogoratu behar da euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok, gutxienez, izenpetu behar dutela. Eta, proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dituzte xeheki. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiak bozkatzeko aukera izaten dute.