Gasteizko Udalak 25 urterako laga dio Etxezarra eraikina Euskaltzaindiari, eta aurrerantzean Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzaren egoitza izanen da espazio hori.
Gaur, espazioa ezagutzeko aukera izan dute Arabako hainbat erakundetako ordezkariek. Gorka Urtaran alkatearekin eta Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera, bertan izan dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu irekiko zuzendaria.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak lagapenak hiriari ekarriko dizkion onurak azaldu ditu hitzaldian: “Etxezarra etxea eraikin ezin hobea da gure hirian Euskaltzaindiaren egoitza izateko. Kokapenagatik, eraikina beragatik, ematen dituen aukerengatik... Gainera, etxe eder hau Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortu ditugu: batetik, orain arte erabilera egonkorrik ez zuen eraikinaren zatiari erabilera ematea, edukiz betez; bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea. Gure hiriarentzat Euskaltzaindiak egoitza egoki bat izatea oso positiboa da, Gasteizek euskararen hiriburua izan behar duelako eta hemendik aurrera, gure hiriak euskararen beste arnasgune bat lortzen duelako”.
Euskaltzaindiarentzat ere une garrantzitsua dela azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. “Gaurkoarekin euskarak espazio berri bat irabazi du Arabako hiriburuan... Ez da bakarra, beste bat izan nahi du, erakundeei, euskararen eta euskal kulturaren eremuan ari direnei, Arabako gizarteari irekia. Hau ez da Euskaltzaindiarena, guztiona baizik, erabil dezagun, bultzada eman diezaiogun euskarari eta euskal kulturari talaia, itsasargi honetatik”, esan du Urrutiak.
Iaz, Udalak lekuaren jabari-emakida onetsi zuen, eta aurrerantzean Euskaltzaindiak bere gain hartuko ditu horniduren gastuak, altzarien zuzkidura, garbiketa, prebentzio- eta konponketa-lanak eta higiezina zamatzen duten zergak eta bestelako gastuak.
Akademiak askotariko jarduerak lantzeko baliatuko du azpiegitura berria. Alde batetik, herritarrak eta elkarte publiko zein pribatuak artatu nahi ditu Akademiak, betiere arreta jarriz euskararen ikerkuntzaren eta zabalkundearen eremuetan. Beste aldetik, azpiegitura horretan egun Akademiak Gasteizen barreiatuta dauzkan eta etorkizunean abian jarri nahi dituen ikerketa-egitasmoak landuko ditu.
340 metro karratuko espazioa
Euskaltzaindiak eskuratu duen espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan (behealdean jatetxea dago), baina jada egokituta dago. Honela, espazioak gune bat izango du ikastaro, hitzaldi edo liburu-aurkezpenak egiteko; beste bat Osoko bilkurak edo bestelako batzarrak egiteko; Akademiaren proiektuak bideratzeko leku bat ere izango da; kontsultak egiteko mediateka txiki bat eta, azkenik, Arabako ordezkariaren bulegoa.