Molac legea, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak oztopatutako ahalegina baino gehiago, zedarri bat izan da eskualdeetako hizkuntzen aldeko mugimenduan. Urratu duen bidea –2020ko abenduan Senatutik osorik pasa ostean, gehiengo zabal batek onartu zuen Asanblea Nazionalean–, “miragarri” ez ezik, “une historiko” gisa ere deskribatu zuen Paul Molac-ek berak, eta 60 diputatuk jarritako helegitearen ondorioz eten den arren, gaiaren gaineko iritzi publiko orokorra “erabat irauli” dela frogatzen du, “hizkuntzak isilarazi nahi dituen politikarik ez delako jada ulertzen, ezta frantses elebakar diren eskualdeetan ere”.
Frantziako Legebiltzarrak Molac legearen bi artikulu jo zituen konstituzioaren aurkako. Hain zuzen, laugarrena, edo hezkuntzako murgiltze ereduari buruzkoa, eta bederatzigarrena, estatu zibileko dokumentuetan "ñ" eta gisako ikur diakritikoen erabilera arautzen duena. Azken horrek aise ilustratu du estatuaren zentzugabekeria iritzi publikoaren aurrean, Paul Molac diputatu bretoiaren ustez: “«Klima aldaketa, emigrazioa... egundoko arazo latzak ditugu eskuartean, eta zuek markatxo bat debekatzeko borrokan tematuta?» galdetzen diete harrituta herritarrek”.
Murgiltze eredua gelditzea, berriz, “Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren tema” izan zela nabarmendu zuen, “hain zuen, gizon bakar baten borondatea, tekno-elitearen laguntzaz aurrera eraman zena”. Izan ere, eskualde hizkuntzen babeserako legea konstituzioaren aurkako jotzeko manerek eta prozesuak berak, irregulartasunez josia izanik, “estatuaren totalitarismoa” jarri du agerian Molacen esanetan, eta halaber, “XXI. mendea XIX.etik atera gabe gidatu nahia”, Frantziako Iraultzaren ondorio baita “fanatismoa euskaraz mintzo da eta askatasunaren hizkuntza frantsesa da” dioen sineskeria. Beste horrenbeste esan liteke “eskualdeetako hizkuntza-eskubideak aipatu eta jarraian separatismoa ahotan hartzeaz ere”. Azken finean, “ikuspegi politiko hutsez, oinarri juridikorik gabe” bota zen atzera legea, mintegian zientifikoki frogatu zenez.
Ideologia jakobinoa eta paradoxak
Zentzugabekeriak hizpide hartuta, Kontseilu Konstituzionala eragindako paradoxa-egoerak aletu zituen Eneritz Zabaleta Zuzenbidean doktoreak. Besteak beste, Ipar Euskal Herrian gertatzen den egoera bitxia aipatu zuen: “Batetik, euskaraz ikasi ahal izateko aukera eskola guztietara hedatu behar da, eta era berean, murgiltze sistemak eskaintzen duen aukera ezbaian jarri da”. Bigarren paradoxa bat ere bada, hari beretik: “Legean sartu delako, hainbeste urtean martxan izan den sistema pedagogikoa ukatua izan da, baina bestalde, urtero txostenak egin beharko zaizkio Legebiltzarrari, Seaskaren edota murgiltze eredua eskaintzen duten sareen eta ikasgelen egoera zertan den azaltzeko”.
Hirugarren paradoxa bederatzigarren artikulua atzera bota izanagatik dator: “Frantsesa inposatuagatik ere, itzulpenak egin ahal izatearen printzipioan oinarrituz garatu eta legeztatu da seinaleztatze elebiduna azken 30 urteotan, eta orain, Kontseilu Konstituzionalaren erabakiz justuki, ezin dira zeinu diakronikoak erabili”.
Frantsesarenak ez diren ikurrak debekatzeko interpretazio “oso hertsia” egin dela esplikatu zuen Zabaletak, “nahi izanez gero, jurisprudentziarekin bat datorren bidea ere hauta zitekeelako”. Alegia, "ñ"-a eta enparauak, Robert hiztegietan ageri direlako edota estatuak berak izendapen ofizialetan erabili izan dituelako, “frantsesean sartu direla eta dagoeneko frantsesak direla azaldu zitekeen, erran nahi baita, nazionalizatu zitezkeela nolabait, konponbide praktiko hori batzuek sobera gustuko izango ez zuten arren”.
Murgiltze ereduaren aurkako epaiaz, “arrazoitu ez den arrazoinamendua” eman izana nabarmendu zuen. Epaileek analisi juridikoak, politikoak, sozialak eta bestelakoak idazten dituzte epaietan, hau da, “mota askotako hamaika argumentu baliatzen dituzte, haien erabakiak justifikatzeko”, baina kasu honetan arrunt bestela jokatu da. Bi gauza besterik ez dira esaten, Zabaletak dioenez. Alegia, “murgiltze pedagogikoan komunikazio hizkuntza ez dela frantsesa, batetik, eta bestetik, erakusten den hizkuntza ere ez dela frantsesa”. Murgiltze eredua konstituzioaren aurkako jotzeko arrazoinamendua, hain zuzen, bi puntu horietan datza, baina horrek “ez du zehazten non den arazoa”, eta beraz, “ez dago jakiterik juridikoki nondik jo litekeen egoera gainditu ahal izateko”.
Paradoxaren paradoxa
Jean Castex Frantziako lehen ministroak aferari aurre egiteko bi parlamentariri agindutako txostena ere hizpide hartu zuen Zabaletak. Lehen zatian epaiaren eta pedagogien interpretazioa egiten dela dio. Baikor izanik, murgiltze eredua “konstituzioan bermez” sartu ahal izango omen litzateke txostenaren arabera, eta ondorio horretara iristeko errealitate gordinari heltzen omen zaio, esanez murgiltze ereduan diren haurrak ez direla beti euskaraz ari, hortaz, “nola justifikatu hizkuntza inposatzen zaienik, ikasgelan nahiz jolas garaian frantsesez ari badira?”.
Txostenaren bigarren zatiak murgiltze eredua legean sartzeak dakartzan eragozpenez dihardu, eta “hala eginez gero, epaileen interpretazioaren esku” geratuko litzatekeela ondorioztatzen da. Interpretazioa ekiditeko ahaleginean asma litekeen zeharbide oro, bestalde, “izan zirkularrak, hitzarmenak edo dena delakoak, legezkotasunaren kontrolpetik pasa beharko lukete azkenerako”. Hortaz, txostenean ez dago aterabiderik Zabaletaren aburuz, eta “konstituzioa aldatu ezean ziurgabetasuna baino ez dago”.
Ondorio berera iritsi ziren bai Paul Molac diputatua bera, bai eta gainerako parte-hartzaileak ere, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak antolatutako mintegian. Halaxe mintzatu zen Mathieu Bergé Akitania Berria eskualdeko kontseilaria, bere burua elebitasunaren militante jo ostean: “Errepublika ez da Frantzia. Errepublika kontratu sozial bat da, elkarrekin dugun proiektu komun bat, eta hizkuntzek muinean egon behar dute”. Haren ustez, kontratu sozialarekin ez da artean erabat asmatu, “ideologia jakobinoaren hondarrek hor jarraitzen dutelako, ideologia bakar gisa”. Alabaina, Max Brisson senatarien arabera, “egia da, indar politikoak gizartean ez bezala borrokan ari direla maila gorenean, baina jakobinoek ez dute beti irabaziko, separatismoa aipatuta tentsioa eta histeria eragiten duten arren”. Senatariak “aitzinatzen ari gareneko ustea” azaldu zuen, gogora ekarriz, hautetsiak mintzatu direla jada: “Blanquerrek ulertu ez duena da atzera egitea ez dela posible izanen”.
Eta hala ere, aitzina
Halaxe da. Konstituzioaren aurkako jo ostean eta ziurgabetasun osoan gelditu izanagatik ere, irailean bi gela berri zabaldu dira sare publikoan eta beste lau sare pribatuan, Ipar Euskal Herrian. Behin-behinean, “afera zirkular baten bidez” konpondu nahi dela aipatu zuen Euskal Erakunde Publikoko lehendakari Antton Curutcharryk: “Aski kontent atera gara bilkuretatik, baina parean diren funtzionarioak ez dira gero erabakiak hartuko dituztenak. Ororen buru, oinarrizko galdera etorriko da beti, alegia, zer egingo dugun konstituzioarekin”.
"Funtzionario horiek arazoa zinez politikoa dela konprenitu dute” gehitu zuen Peio Jorajuriak, “eta zentzu horretan, erantzunak ere politikoa izan behar duela”. Seaskako lehendakariak gizartean gertatu den aldaketari eskaini zion arretarik handiena: “Molac legea defendatzera joan gara, jakinik ez zigula deus berririk ekarriko Seaskakooi. Baina borrokatu gara, hemen, Hiriburuko eskolaren inguruan nahiz Parisen, mobilizazio guztietan, elkarrekin; hautetsiak, herritarrak, sare publikoko eta pribatuetako eskolak eta Seaska, den-denak batera”.
Ildo horretatik beretik urrunago jo zuten Paul Molac-en azken hitzek: “Gutxiengoak elkartuz gehiengoa gara eta zaila egingo zaie horri kontra egitea”. Berea “itxaropen mezua” dela gehitu zuen eta esaldi biribil batez akuilatu zituen denak prozesuari berriz ere martxa ematera: “Legea egin nahia denbora galtzea dela esan izan didate askok, baina aurrera eramaten ez diren borrokak, horiexek dira benetan galtzen direnak”.
Etsitzetik urrun, Jean-Réné Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria ere aurrera jo beharraz mintzatu zen. Frantzia Turkiarekin parekatu eta biak ala biak Europan hizkuntzen karta sinatu ez duten herrialde bakarrak direla nabarmendu ondoren, paradigma aldaketa aldarrikatu zuen, “frantses instituzioak esklerosiak jota daudelako”. “Denbora galtzeari utzi” eta azkar batean egin beharreko urrats bat proposatu zuen, aitzina egiten lagunduko duelakoan: “Lehendakaritzarako hauteskundeak badatoz, aldarrika dezagun gaia, bultza ditzagun hautagaiak posizioa hartzera, afera honen aurrean zer postura duten argi eta garbi erratera”.