Patxi Salaberri euskaltzain osoak idatzi du hitzaurrea, eta beste gauza askoren artean, ezagutzen diren hiru aleen arteko alderaketa egin du. Ale bakan horiek hiru lekutan gorderik daude: Chicagon (Newberry Library; lehenago Bonaparte printzearena izandakoa); Madrilen (Unibertsitate Konplutentsean); eta Vienan (Österreichische Nationalbibliothek). “Oraingo edizioaren hitzaurrean, hiruren arteko alderaketa egin dut eta ikusi aldeak badirela –ez oso handiak, oro har– hiru aleen artean”, azaldu du Salaberrik gaurko prentsaurrekoan.
Horrez gainera, Joan Beriainen sorterria zein den ere argitu du Salaberrik, nolako gizona zen eta zer-nolako prestakuntza zuen. Izan zituen eliza karguak ere azaldu ditu hitzaurrean, “betiere beste ikertzaile batzuek –Legardak eta Jimenok, bereziki– idatzi dutenean oinarriturik”. Beriainen hizkeraren zenbait ezaugarri ere aipatu dira bertan, eta, aitzinsolasa bukatzeko, idazleak darabilen euskara, berak dioen moduan, Iruñekoa zen ala ez aztertu da.
Gaurko agerpenean, Salaberrirekin batera egon dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Iker Gómez Utergako Udaleko zinegotzia, eta Mikel Arregi Euskarabidea institutuko zuzendaria.