Euskaltzaindia Sarako Idazleen Biltzarrean izanen da berriro ere, eta oraingo aldian bi liburu berri aurkeztuko ditu. Igandean izanen da prentsaurrekoa, eta bertan bi liburu berri aurkeztuko dira: Jon Casenave euskaltzain urgazlearen Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda? eta Jean-Louis Davant euskaltzain emerituaren Ozaze Jaurgainean. Jean de Jaurgainen Züberoa Herriko kontaira poetiko zenbait. Egileekin batera izanen dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria.
Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda?
Hamar urteren buruan, liburu honen bigarren argitalpena argitaratu da. Lehenengoaren oso antzekoa da, desberdintasun bakarra delarik oraingoak hitzaurre berria duela eta hizkuntzaren ikuspegitik zenbait zuzenketa egin direla. Lanaren mamia eta helburua oso argia da, “Euskal literaturaren historiaren historia” egitea. XIX. mende erditik hona idatziak izan diren euskal literaturaren historia garrantzitsuenak landuz eta bakoitza bere testuinguru historikoan eta giro intelektualean ezarriz.
Ozaze Jaurgainean. Jean de Jaurgainen Züberoa Herriko kontaira poetiko zenbait
Jean de Jaurgain (1842-1920) Zuberoako jauntxo txiki bat izan zen, denboraren poderioz aberastasuna galtzen joan zen sendi batekoa eta laborantzatik bizi zena. Horretaz landa, Euskal Herriaren historiaz eta literaturaz erruz ikertu eta idatzi zuen, frantsesez idatzi ere. Halaber, Euskaltzaleen Biltzarreko presidentea izan zen Jaurgainek, 1899an, xiberotar ahozko literaturaren sei kondaira poetiko idatzi zituen Quelques légendes poétiques du Pays de Souleliburuan: Ürrütiako anderea; Bereterretxen kantorea; Atharratze jauregiko anderea; Egün berreko alargüntza; Musde Sarri; Arbotiko prima eijerra.
Jean-Luis Davantek frantsesez argitaratu zen liburua euskaraz eman digu oraingoan. Alegia, kondaira euskaraz zegoen baina orain horien azalpenak euskaraz eman ditu zuberotar euskaltzainak. Eta, Jean de Jaurgain nor zen azaltzeaz gain, haren bibliografiaren eta kondaira horien iturrien berri ere eman digu.