2021eko apirilaren 8an, Frantziako Asanblea Nazionalak Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea (Molac legea gisa ere ezagutzen da) onartu zuen, Senatuak 2020ko abenduan onartu ondotik. Lege horrek eraberritu zuen orain dela hiruretan hogeita hamar urtetik hona indarrean egon zen bidea. Apirilaren 23an, baina, Frantziako Asanblea Nazionaleko 60 diputatuk helegitea aurkeztu zuten legearen kontra, eta horren ondorioz maiatzaren 21ean Frantziako Legebiltzarrak erabaki zuen hainbat artikulu Konstituzioaren aurkakoak zirela. Hain zuzen, 4. eta 9. artikuluak bota zituen atzera: 4. artikulua hezkuntzako murgiltze ereduei buruzkoa da eta 9.ak estatu zibileko dokumentuetan zeinu diakronikoen erabilera arautzen du (esate baterako “n” hizkia).
Erabaki honen ondorioak aztertu eta etorkizunak lekarkeena irudikatzeko jardunaldi interesgarria antolatu dute Euskal Konfederazioak eta Euskaltzaindiak. Mintegi hau urriaren 22an izanen da, Baionako Herriko Etxean, eta hizlari hauek parte hartuko dute: Paul Molac Bretainiako diputatua eta legearen bultzatzailea; Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktorea; Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria; AnaMari Irungaray Euskal Haziak-eko kidea; Marie-Andrée Ouret Biga Baiko elkartekidea; Maddi Bordagarai Uda Leku elkartearen koordinatzailea; Max Brisson senataria; Mathieu Bergé eskualdeko kontseilaria; Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria; Sèrgi Javaloyès Congrès Permanent de la lenga occitana-ko Administrazio Kontseiluko kidea; Visant Roue Ofis Publik Ar Brezhoneg-eko ikerketa eta garapen zuzendaria; Joan Peytaví i Deixona Perpinyàko Unibertsitateko irakaslea eta Institut d’Estudis Catalans-eko kidea; eta Jakes Sarraillet euskaltzain urgazlea.
Jardunaldia streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da, hain zuzen, Euskaltzaindiaren YOUTUBE atarian eta Kanaldude-n.