Zorioneko dago Euskaltzaindia, azken egunotan bi euskaltzainen lanak eta ibilbideak saria jaso dutelako. Batetik, Miren Agur Meabek Espainiako Poesia Saria irabazi du; bestetik, Liber Saria eman berri diote Bernardo Atxagari.
Gainera, Espainiako Poesia Saria osatzen zuen epaimahaikoen artean, Euskaltzaindiak izendatutako Katixa Agirre idazlea zegoen, honako hauekin batera: Juan Gil Fernández, María del Vinyet, Francisco Javier Díez de Revenga, Eduardo Moga Baiona, Julia Barella Vigal, Luis Fermín Moreno Álvarez, Esther Sánchez-Pardo González, Elena Medel Navarro eta Olga Novo.
Gabriel Aresti gogoan
Bidenabar, gogoratu behar da, 1968an, Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazleak Espainiako José María de Iparraguirre Literatura Saria jaso zuela, Harri eta herri poema liburuarekin. Idazle bilbotarrak estreinatutako zerrenda Atxagak, Unai Elorriagak, Kirmen Uribek, Miren Agur Meabek eta Anjel Lertxundik osatu dute, betiere Literatura atalari gagozkiola (Lertxundik 2010eko Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, baina saiakera alorrean, Eskarmentuaren paperak liburuagatik).