Urtean bi aldiz eguneratzen da Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsio elektronikoa. Oraingo honetan, 12.000 adibide inguru egituratu dira TEI delako testu-kodeketaren arabera, adibidetegian kontsultak egiteko aukera zabalduz.
Gainera, P. Lhanderen Yolanda eleberria osorik hustu da, bertatik adibideak aukeratuz eta OEHn sartuz, eta A.M. Mitxelenaren Goizueta inguruko burdinolak liburuan agertzen diren hainbat hitz gehitu dira, baita, batzuetan, lehen zeudenen definizioak aldatu edo zehaztu ere. Azkenik, Onomastikako gaiak atal berri batean ezarri dira, sarreraren buruan.
Bertsio digitala
Orotariko Euskal Hiztegiak euskararen aro eta euskalki guztietako lexikoa jaso eta antolatzea du xede. 1987an argitaratu zen paperean lehen liburukia eta 2005ean hamaseigarrena eta azkena.
Euskaltzaindiak hemen eskaintzen duena hiztegiaren oinarrizko bertsio elektronikoaren zazpigarren argitaraldia da eta Creative Commons lizentziapean banatzen da. Bertsio hau hiztegiaren argitalpen elektronikoaren beste urrats bat da, 146.468 sarrera eta 57.148 azpisarrera biltzen dituena.
Egituratze-lanetan jarraitzen du Euskaltzaindiak, hiztegiaren barne-egitura etengabe zuzenduz eta hobetuz. Lan horiei esker, hiztegiko azpisarrerak eta hainbat aldaera ere topatzeko gai da orain bilatzailea. Horrez gain, jadanik egituratutako 550.226 adibideak bildu eta sailkatu dira. Adibidetegi horretan bilaketak egiteko aukera ere badago.