Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) eta Euskaltzaindiak hitzarmena berritu dute gaur, Akademiaren egoitza nagusian. Hitzarmenaren xedea Euskal Udalen Elkarteko kide diren toki erakundeei laguntza teknikoa ematea da, batez ere, Onomastika alorrean. Hau da, industrialdeen, auzo berrien, bizitegi-unitateen, naturaguneen, parkeen, atsedenlekuen, zerbitzuguneen, katalogatutako udal-mendien eta abarren leku-izenei buruzko aholkuak ematea, bai eta toki-erakundeok zeinek bere lurralde-esparruko toponimia-azterketa luze-zabalagoak egiteko baliatu behar diren jarraibide eta irizpide orokorrei buruz ere.
Era berean, udalek hala eskatzen dutenean, onomastika-arloari buruzko etengabeko aholkularitza emango zaie, batez ere, euskal odonimiaren -kale eta antzekoen izenak- arloan.
Toki-erakundeek egiten dituzten eskaerak modu eraginkorrean koordinatu eta bideratzeko, eskaerok EUDELera bidali beharko dira eta elkarteak bideak ezarriko ditu jasotako eskaerak Euskaltzaindiari birbidaltzeko.
Hitzarmen hau 2021eko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta esanbidez luzatu ahal izango da urterik urte, gehienez ere, lau urtera arte.
Hitzarmenak jasotzen duen bezala, Euskaltzaindia izango da lan honetatik sortutako datu-basearen egilea, eta horren jabetza intelektual osoa berea izango da. Hori bai, Euskararen Akademiak datu-basea kontsultatzeko sarbide zuzena bermatu beharko dio EUDELi, eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu.
Gorka Urtaran EUDELen buruak hitzarmenaren onurak azpimarratu ditu prentsaurrekoan: “Euskaltzaindiarekiko eta gainerako erakundeekiko lankidetza funtsezkoa da udal-eskumenak osotasunean garatzeko eta euskararen erabileran aurrera egiten jarraitzeko, bai administrazioaren barruan zein kanpoan. Gure hizkuntza pertsonen arteko topagunea da; beraz, gizarte osoaren zeregina da euskara bizirik eta batuta mantentzea herri eta hiri bakoitzeko txoko guztietan”.
Andres Urrutia euskaltzainburuak ere erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta adierazi du hitzarmen honekin etorkizuneko erronkak bideratzeko “oinarri sendoak” jarri direla: “Aspaldikoa da EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza. Ekitaldi honek berresten du ibilbide hori, eta premia berriei erantzuna ematen zaie, gero eta zeresana eta zeregin handiagoa baitauka euskarak udal eskumenetan, hur-hurreko bizitza euskalduna bermatzeko herritar guztiei. Horra bada, gure hurrengo urteetako helmuga eta xedea, hitzarmen honek ahalbidetuko duena”.
Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak
Gaurko agerpenean Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak eskuliburuaren berrargitalpena ere aurkeztu dute erakundeek, eta ondoko asteetan EUDEL elkarteko kide diren toki-erakundeetan banatuko da.
Liburua 2019an aurkeztu zuen Euskaltzaindiak, mendeurreneko ospakizunen baitan eginiko Onomastika jardunaldian, Gasteizen.
Gogoratu behar da Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak euskal izenen ikerketa duela helburu, bai antroponimoena (pertsona izenak, deiturak...) bai toponimoena (toponimia nagusia, txikia, exonimia, kale izendegiak, etxe izenak...). Izen horiek bildu, sailkatu, ikertu eta arautu ondotik, beharrezkotzat jotzen da Euskaltzaindiak izenen forma zuzenak plazaratzea, euskararen erabileran eta normalizazioan eragina izan dezaten. Liburu honen helburuak zeregin horri erantzuten dio: urte askotan metatutako eskarmentua baliaturik, karrika-izenetarako emandako irizpideak agertzen dira bertan, izen horiek eguneratzeko, osatzeko eta xeheago deskribatuta berridazteko baliagarri direnak.