Euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko helburuarekin jaio da BADALABhizkuntza eta gizarte berrikuntzarako laborategia. Jomuga horrekin abiarazi dute gaur proiektu berria, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia buru dutela, euskal erakundeetako eta euskalgintzako hainbat ordezkarik Foru Aldundian egindako sinadura ekitaldian, zeinetan osatu duten erreferentziazko zentro honek oinarrian izango duen partzuergoa. Honela, Miriam Urkia Euskaltzaindiko Iker sailburuak ordezkatuko du Akademia BADALABen Gobernu batzordean.
Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan dagoeneko hezurmamituko den zazpigarren proiektu estrategikoa izango da BADALAB –aurretik sortuak izan dira Ziur, 2deo, Labe, Adinberri, Mubil, ArantzazuLabeta Naturklima–. Kasu honetan, euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea izango du xede eta, aldi berean, gizarte berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia kokatzea. Hala nola, euskararentzat aukera berriak identifikatu eta horietan eragiten saiatuko da, prototipo berriak proposatuz. Hizkuntza teknologiarekin esperimentatzea izango du jomugan, baita ere.
Helburu horietatik abiatuz, BADALABek hiru emaitza nagusi lortu nahiko lituzke bere jardunarekin.
- Lehenik, euskara indartuko duen ekosistema eraberritu eta aberatsagoa lortzea, eragile berri eta anitzen partaidetzarekin, euskal hizkuntza etengabe sortzen diren testuinguru berrietan egon dadin eta eremu horietan bere erabilera areagotu dadin.
- Bigarrenik, prototipo eta gizarte proposamen ausartak gauzatu nahi ditu, bide berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen.
- Hirugarrenik, narratiba berriak eta euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, euskaraz momentu berriak eta gogoangarriak gehiagotan bizitzeko aukerak sortuz –aisialdian, kulturan, lanean, sorkuntzan, eta abar–.
Aitzindaria nazioarte mailan
Zimendu horiekin ekingo dio ibilbideari datozen hilabeteetan Errenteriako Torrekua eraikinean, bertan izango baitu behin-behineko egoitza. Euskal Herriko mugez haratago erreferentzia bilakatzeko bokazioa ere hasiera-hasieratik garatuko du, egitasmo aitzindaria izango baita nazioarteko mailan. Horrela, hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean diharduten guztientzat erreferentzia izango da BADALAB.
2018tik hona abian da laborategiaren helburuen eta diseinuaren inguruko gogoeta –Aldundiak, Langunek, Elhuyarrek eta Emunek gidatu dute, Soziolinguistika Klusterrarekin batera–, gainontzeko erakundeen eta euskalgintzako ordezkarien partaidetzarekin. Dagoeneko aurreratua dago prozesu hori eta gaurko lan bileran BADALAB martxan jartzeko estreinako bi erabaki nagusiak finkatu dira: egitasmoa babesten duten entitate publiko eta sozialek osatu duten partzuergoa eratzea, batetik, eta egitasmoaren abiaraztea gidatuko duen gobernu batzordearen osatzea.
Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiaren “izaera kooperatiboaren” lekuko, batzarrean parte hartu dute Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak; Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak; Andres Urrutia euskaltzainburuak; Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak; Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak; Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendari nagusiak; Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak; Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak; Naiara Goia ArantzazuLABeko zuzendari nagusiak; eta Lohitzune Txarola Languneko zuzendari nagusiak.