Bi zati bereiz ditu argitalpen berriak: alde batetik, Gramatika jardunaldia egin zuen Euskaltzaindiak, bere mendeurrenaren testuinguru akademikoan, 2019ko uztailean. Bertan Euskararen Gramatika lana aurkeztu zuen Pello Salaburu batzordeko buruak. Aipaturiko lanaren xehetasunak emateaz landa, beste egile batzuek ere beren aletxoa eskaini zuten. Miren Azkarate gramatikek dituzten auziez mintzatu zen eta, bestalde, espainiar Estatuko beste akademietako gramatikariek euren proiektuez jardun zuten: Rosario Álvarezek Real Academia Galegaren (RAG) gramatikaz; Ignacio Bosquek Real Academia Españolaren (RAE) Gramatika berriaz; eta Gemma Rigauk Institut d’Estudis Catalans-en gramatikaz. Horiek guztiak bildu dira zenbaki honetara.
Bigarren zatia 2020an zehar agerkariaren Idazketa batzordera iritsi ziren ikerketa-artikulu aztertu eta onartuek osatzen dute. Gaiaren arabera aurkeztuta, honako hauek dira:
Roberto González de Viñasprek Arabako Zalla ibaiaren izenak historian eta, batik bat, XX. mendean nozitu duen itxuragabetze prozesua azaldu digu.
Asier Bidartek Etxe izen berriak arautzeko irizpideak artikulua idatzi du. Esan gabe doa bakoitzak bere etxea nahi duen gisan izendatzeko eskubidea duela, baina, bestalde, etxea euskaraz modu koherente eta egokian nola izendatu, eraikia den zonaldeko izaerara nola errotu eta beste hainbat galderari erantzuteko oso aproposak dira irizpideak.
Eneko Bidegain eta Andrés Gostin ikertzaileek Eskualduna Ipar Euskal Herriko astekari historikoan sakondu dute. Astekariko aitzindariez landa, bertan parte hartu zuten eta laguntzaile gisa aritu ziren beste hainbat pertsonaren izenak eta ibilbideak ekarri dituzte argitara. Astekarian nork jardun zuten, zer ziren, nongoak ziren eta zer egin zuten zehatz-mehatz deskribatu dute.
Literatura arloan, bi artikulu argitaratu dira. Ramon Saizarbitoriak hiria kontzeptua bere narratiban nola garatu duen ikertu du Irati Majuelok. Horretarako, Majuelok, Saizarbitoriaren bi liburutan, Egunero hasten delako (1969) eta Ehun metro (1976), hiria nola aurkezten eta sinbolizatzen den ikertu du.
Bigarrenean Amaia Serranok Uxue Alberdiren Aulki jokoa (2009) eleberria dauka ardatz. Kontakizuna errealitatea norbere gorputz eta ahotsetik eraikitzen duten hiru emakume narratzaileren diskurtsoek osatzen dute eta Serranok horretarako ahots narratiboak eta gorpuztuak, 1936ko Gerraren testuinguruan sortzen diren genero irudikapenak, emakume protagonisten eta Peneloperen mitoaren arteko loturak, eleberriaren egitura eta gertaera zein espazio sinbolikoak izan ditu hizpide.
Gaia aldatuta, Sergio Monforte ikertzaileak partikula modalen arteko bateragarritasuna aztertu du euskaraz. Monfortek defendatzen duenez, partikula modal bat baino gehiago azal daitezke euskaraz. Halaber, hainbat partikularen arteko bateraezintasuna zerk eragiten duen aztertu du.
Ahoskeraren alorrean murgildu da Irati Urreta. Hain zuzen ere, Alegiako (Gipuzkoa) sei hiztunen hizkera-maila arduragabeko eta zainduko jardunak oinarri hartuta, euskararen ahoskerak hizkera-mailaren arabera izan dezakeen aldagarritasuna aztertu du, hizkera-mailaren arabera, ahoskera aldatzen den ala ez jakiteko helburuz.
Soziolinguistika alorreko hiru artikulu ere argitaratu dira zenbaki honetan:
Jone Hernándezek eta Jaime Altunak gazteen eta euskararen arteko harremanen ikerketari erreparatu diote. Orain arteko ikerketen emaitzak auzitan jartzen dituzte eta bide eta galdera berriak proposatzen. D ereduko kirola egitasmoan parte hartu duten kirolari gazteek esan eta erakutsi digutena aintzat hartuta, galderak berrikusi, ikerketa-moduak birpentsatu eta gazte-kulturekin lotutako jardunbide, subjektibotasun eta ideologiei garrantzia ematearen beharra azpimarratu dute.
Belen Urangak Gipuzkoako hizkuntza-aniztasunaren mapa aurkeztu digu. Euskara, gaztelania eta ingelesa albo utzirik, Gipuzkoako biztanleek zein hizkuntza hitz egiten dituzten azaldu digu. EUSTATek argitaratzen dituen biztanleriaren udal-erroldako datuen azterketa eginez, jatorri atzerritarreko biztanleriaren banaketa erakutsi da herrialde- eta eskualde-mailan.
Ane Urizarrek marokoar jatorria duten eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 11 gazteren hizkuntzekiko (lehen hizkuntza(k), euskara eta gaztelania) harremana aztertu du: hizkuntza horien erabilera-ohiturak, gazteek eskolan aurkitu dituzten eta hizkuntzei lotuta dauden elementu oztopatzaileak eta erraztatzaileak, beraien gurasoek egiten duten lehen hizkuntzaren transmisioa, eta azkenik, gazteen pertenentzia-sentimendua aletu ditu.
Zenbakian badira bi liburu-aipamen:
Bata, Maitena Duhaldek eginikoa, Fontes Linguae Vasconum: 50 urte. Ekarpen berriak euskararen ikerketari / Nuevas aportaciones al estudio de la lengua vasca liburuaren gainean.
Bestea, Felix Ibargutxik idatzi du Gure literaturak gutxitan zapaltzen du futbol zelaia lanari buruz.